Naziek hil zuten osabaren memoria bizitu
Hogei urte inguru daramatza Anton Gandariasek osabaren arrastoaren atzetik. Frantzian atxilotu zuten, 1943. urtean, eta Alemaniara eraman zuten ostean. Orain, osaba non dagoen jakin berri du.
Duela 20 urte osabari gertatu zitzaiona jakin nahian ikertzen hasi nintzenean ez nuen espero lortu dudan informazio guztia lortzea». Anjel Lekuona osabari gertatutakoa jakin nahiak bultzatu zuen Anton Gandarias haren arrastoaren bila hastera. Busturiarra zuen osaba, eta gernikarra da bera. Amagandik jakin zuen Gandariasek osaba naziek fusilatu zutela.
Anjel Lekuonak gazte alde egin zuen etxetik, eta Kataluniara joan zen 1939. urtean. Eusko Jaurlaritzak han zuen behin-behineko gobernua, eta Jaurlaritzak sortutako mendiko batalioi pirenaikoaren parte izatea erabaki zuen Lekuonak. Ganadariasek jakin duenez, Katalunia frankistek hartu aurretik Frantziara alde egin zuen.
Frantziako errefuxiatu guneetan egon zela, eta Gurs inguruan dagoen Arudyn lanean ibili zela ere jakin izan du. 1943. urtean atxilotu zuten naziek Lekuona, eta Frantziatik Alemaniara eraman zuten. Azken urteetan bildutako informazioaren arabera, atxilotu aurretik zertan ibili zen, atxilotu ostean nora eraman zutennon fusilatu zuten eta non dagoen ere jakin du berriki, apirilean.
Hori guzti hori jendaurrean azalduko du bihar (urriak 15) Busturian eta hurrengo barikuan, hilaren 22an, Gautegiz Arteagan. Biharko hitzaldia Busturiko kultur etxean emango du, 19:00etan. Gautegiz Arteagakoa ere kultur etxean izango da, ordu berean.
Ezkutuko erregistroa.
Osabaren errautsak non dauden badaki Gandariasek, eta leku horretan beste bost errepublikarren errautsak ere badaudela azaldu du: Herrialde katalanetakoak lau, eta Andaluziakoa bosgarrena. Fusilatu ostean gorpua erre zuten erraustegiko jabeek ezkutuan idatzitako erregistroari esker jakin izan du Gandariasek osabaren errautsak non dauden.