Herriko ondare kulturala zaintzeko deia egin du Bermeoko EH Bilduk
Bermeoko udal gobernuari eskatu diote herriko ondare kulturalagaz "sentsibilizazio gehiago" edukitzeko eta "ahalik-eta arinen" konponbideak bilatzeko.
Bermeoko EH Bilduk udalerriko ondare kulturala zaintzeko deia egin du: “Azken boladan ikusten ari gara herriko ondare kulturala diren hainbat guneetako egoera txarra dela. Bermeoko udal gobernuari eskatzen diogu ondare kulturala zaintzeko eta konpontzeko”.
Hainbat adibide eman dituzte. Esate baterako, irailaren 16an eta 17an Nestor Basterretxearen Olatua eskulturaren aurrean komun kimikoak jarrita zeudela gogora ekarri dute, eta udal gobernuari galdetu diote ea ez dagoen beste tokirik horiek komun kimikoak jartzeko.
Sanjuanportaleko Zubiaren eskultura ere aipatu dute, “hilabeteetan desagertuta dagoena”. Koalizioko kideek jakin gura dute zein den eskultura horren egoera.
Konponbideak bilatzea. Azkenik, Talako Nestor Basterretxearen eskultura “egoera penagarrian” dagoela aipatu dute. Aipatu eskultura konpontzeko udal gobernuak daukan asmoa jakin gura du EH Bilduk.
Hori guztia kontuan edukita, Bermeoko udal gobernuari eskatu diote herriko ondare kulturalagaz “sentsibilizazio gehiago” edukitzeko eta “ahalik-eta arinen” konponbideak bilatzeko.