Digitalizazioaren Hariak egitasmoa abiatu dute Bermeoko ikasleekin
Azkue Fundazioak eta Bermeoko Udalak elkarlanean garatutako egitasmoa da, eta udalerriko ikastetxeetako 200 ikasle inguruk parte hartuko dute.
Gaur goizean aurkeztu dute Bermeoko Kafe Antzokian Digitalizazioaren Hariak egitasmoa. Hain zuzen ere, Azkue Fundazioak Bermeoko Udalagaz lankidetzan garatu duen egitasmoa da, eta herriko ikastetxeekin lan egingo dute.
Eleizalde Ikastolako, Sagrado Corazon Ikastetxeko eta Ignacio Arozena-Benito Barrueta BHIko DBH 4. maila eta Batxilergoko lehenengoko mailetako ikasleek parte hartuko dute egitasmoan. Denetara, 200 ikasle inguru ariko dira Digitalizazioaren Hariak egitasmoan parte hartzen.
Egitasmoaren helburua da digitalizazioak gazteen arteko harremanetan nola eragiten duen hausnartzea eta gazteek gaitasun digital kritikoa garatzea.
Bermeon burutuko da egitasmoa lehenengo aldiz, beraz, Bermeokoa izango da “esperientzia pilotua”. Izan ere, Azkue Fundazioak aipatu egitasmoa beste udalerri batzuetara zabaltzeko asmoa dauka hurrengo urteetan.
Gaurko aurkezpena aprobetxatu dute gazteei lehenengo informazioak eman eta hausnarketarako uneak sortzeko.Hiru taldetan banatu dira ikasleak, eta hitzaldi desberdinetan parte hartu dute.
Proiektuak. Ikasleek ikastetxeetan egingo dituzten proiektu edo jarduera praktikoen bidez egingo dute gogoeta prozesua. Proiektu horiek urri eta azaroa bitartean egingo dituzte, eta horietako batzuk proiektuak garatzen hasita daudela jakitera eman dute. Euskara eta digitalizazio prozesuak ardatz dituzten proiektuak izan beharko dira. Proiektuak garatzeko lantegiak, prestakuntza saioak eta adituen hitzaldiak antolatuko dituzte. Azkue Fundazioak hainbat baliabide eskainiko dizkie, bai giza baliabideak baita ere materiala.
Bermeoko Euskara zinegotzi Kepa Zumetak Azkue Fundazioak agertu duen elkarlanerako jarrera nabarmendu gura izan du: “Eurengana jo genuen beste kontu batzuk aztertzeko asmoz, eta berehala pentsatu zuten gugan proiektu pilotu hau gauzatzeko”.
Digitalizazioaren Hariak egitasmoa “oso interesgarria” dela deritzote, besteak beste, gaur egun “funtsezkoak” diren hiru elementu biltzen dituelako: gazteak, teknologia eta euskara. “Egunero erabiltzen ditugu hainbat tresna teknologiko eta etengabe gaude konektatuta, batez ere, gazteak. Askotan ahaztu egiten zaigu, baina, jardun mugagabe horri buruzko gogoeta egitea. Hausnarketa hori, hain zuzen ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu gure jarrera eta jokabideak zuzentzeko”, esan du Zumetak. Euskara zinegotziak eskerrak eman dizkie herriko ikastetxeei, “elkarlanerako agertu duten interesagatik eta konpromisoagatik”.
Gazteak jomuga. Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariaren esanetan, Azkue Fundazioaren helburua da ingurune digital zabalean euskararen presentzia sustatzea eta bermatzea. Gogorarazi duenez, proiektu desberdinak martxan jartzen dituzte, eta aipatu du gazteak direla euren jomuga: “Azken finean, gazteak dira euren egunerokotasunean teknologietan murgilduta ibiltzen direnak, eta eurengan sustatu gura dugu euskararen erabilera”.
Proiektuaren muinean elkarlana dagoela nabarmendu du Acasusok: “Elkarlana ez da bakarrik izango Bermeoko Udalaren eta Azkue Fundazioaren artekoa. Ikasleen eta ikastetxeen artean ere elkarlana emango da. Dagoeneko ikastetxe bakoitzak proiektu bat aukeratu du, eta horretan lanean ibiliko dira datozen hilabeteetan. Abendurako emaitza edukiko duzue”.
Emaitza ikasleen lanaren produktua izango dela aipatu du. Izan ere, proiektuak amaituta, emaitzak ikastetxeen artean aurkeztuko dira, hiru ikastetxetako ikasleek egitasmo guztien berri izan dezaten eta proiektu horietatik atera diren emaitzak ezagutu ditzaten. “Hortaz, ez da bakarrik proiektu bat garatzea, hiru proiekturen berri izango baitute”. Emaitzok, gainera, sareko gordailu batean bilduko dituzte, Creative Commons lizentziapean, partekatzeko asmoz. “Hala, guztion esku egongo dira”. Horregatik, proiektu horren muinean dagoen elkarlana azpimarratzea “oso garrantzitsua” dela uste du Acasusok.
Acasusok Oihana Francoren lana goraipatu du, eta hari eskerrak emateko tartea hartu du: “Franco izan da proiektu interesgarri eta aberasgarri hau asmatu duena, eta berari esker guk gorpuztu egin dugu”.