Bermeoko Udalak Hezkidetza Programa abiatuko du
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 2. mailako ikasleekin egingo dira saioak, eta beraien helburua izango da parte hartzaileei sare sozialen erabilera egokia egiteko tresnak eskaintzea.
Berdintasun Planaren baitan, Bermeoko Udalak hainbat hezkidetza saio martxan jarriko ditu herriko lau hezkuntza zentroetan: Eleizalde Ikastola, Sagrado Corazon Ikastetxea, San Frantzisko Herri Ikastetxea eta Arozena Barrueta BHI.
Saio horiek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 2. mailako ikasleekin egingo dira, eta beraien helburua izango da parte hartzaileei sare sozialen erabilera egokia egiteko tresnak eskaintzea. Astelehenean hasiko dira Hezkidetza programako lehenengo saioagaz, eta gainontzekoak abendura bitartean egingo dituzte. Talde bakoitzagaz ordu biko formakuntza saioa egingo dutela esan dute.
“Gaur egun, sare sozialek garrantzi handia hartu dute gure gizartean, baita ere gazteen artean. Hala ere, honek ez du esan nahi erabilera egokia egiten denik. Lehen Hezkuntzatik neska-mutilak tresna hauek normaltasun osoz erabiltzen dituzte, eta errealitate berri horrek pertsonen arteko harreman moduak aldatu ditu, eta horrek dakartzan fenomenoetan arreta jartzea oso komenigarria da. Arazorik kezkagarrienak, besteak beste, ziber jazarpen sexista, eduki sexualen hedapena, identitate digital faltsuak eta abar dira”, azaldu dute udal ordezkariek.
Horri guztiorri aurre egiteko eta “tratu onak sustatzeko” tresnak eskaini gura dizkie Bermeoko Udalak herriko gazteei saio horien bitartez.