Arkupekoekin esku pilotan trebatzeko aukera, Nabarnizko frontoian
Udalerriko eta inguruetako 5-12 urte bitarteko umeek domeketan entrenatzeko aukera daukate.
Arkupe Pilota Taldeak, Nabarnizko Udalak eta Ereñoko Udalak antolatuta, esku pilota ikastaroa emango dute ikasturte honetan Nabarnizko frontoian.
5-12 urte bitartekoei zuzenduta dago, eta dagoeneko entrenamenduekin hasi badira ere, interesa daukatenek izena eman dezakete. Horretarako 680 28 13 55 telefono zenbakira deitu behar dute. Arkupe Pilota Taldearen ordezkariek jakinarazi dute inguruko udalerrietako umeek ere parte hartu dezaketela.
Domekaro elkartzen dira. Arkupeko Aitor Etxebarria pilotaria da monitorea, eta 11:00etatik 12:00etara 5-7 urte bitartekoak aritzen dira jokatzen, eta 12:00etatik 13:00etara 8-12 urte bitartekoen txanda izaten da.
Arkupekoek gogoratu dute Gernika-Lumoko Santanape frontoian ere hastapeneko ikastaroak ematen dituztela. Barikuetan, 17:00etatik 18:00etara doako saioak egiten dituzte pilotan hasiberrientzat: “5-6 urte bitarteko umeei, pilotan hasteko eta probatzeko aukera ematen dugu”.