Parte Hartze Plana egiten hasteko eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari
Parte hartze plana egiteaz gain, horretarako ordenantza bat ere egin beharko litzatekeela uste dute; "beharrezkoa" dela deritzote EH Bilduko zinegotziek.
Bermeoko EH Bildurentzat parte hartzea sistema demokratiko bateko «ezinbesteko» tresna da, bai udalarentzat baita ere herritarrentzat. Uste dute Bermeoko Udalak Parte Hartze Plana egin beharko lukeela, eta ondo egin ahal izateko horretara zuzendutako ordenantza bat egitea “beharrezkoa” jo dute. Hori dela eta, horiek egiten hasteko eskaera egin diote udal gobernuari.
“Parte hartzea herritarrei berba emateko modu bat da, herritarren ahotsa entzuteko modu bat ere bada. Udala zinegotziek, talde politikoek eta teknikoek osatzen dute, eta denon lana da herritarren ordezkari izatea. Horretarako, ezinbestekoa da herritarrek euren iritzia ematea, parte hartzea eta udal erabakietan zuzeneko inplikazioa lortzea”, diote EH Bilduko zinegotziek. Iritziak emateaz gain, parte hartzea ideiak ematea ere bada EH Bilduren iritziz; “herritarrek ikus dezaten horiek ere kontuan hartzen ditugula, denon herria dela eta denon artean eraikiko dugula”. Horregatik guztiagatik, herritarrek euren ahotsa emateko dituzten bideak ezagutzea “ezinbestekoa” dela uste dute, eta udalak eskubide hori bermatu beharko lukeela deritzote.
Hainbat eredu. Gogorarazi dute EH Bildu udal gobernuan egon zenean hainbat parte hartze prozesu egin zituztela: “2017 eta 2019 bitartean 447.227,30 euro bideratu ziren parte hartze prozesuetara”. Prozesu bakoitzak, gainera, parte hartzeko eredu bat eduki zuela aipatu dute, “prozesuaren arabera definituta”.
Izan ere, parte hartzea “mota desberdinetakoa” izan daitekeela diote: informazioa ematea, bozketa bat egitea, hausnarketa kolektiboa egitea… eta prozesu bakoitzak, hortaz, parte hartze mota bat edo beste eskatzen du EH Bilduren arabera. Horregatik, uste dute “beharrezkoa” dela Parte Hartze Plan bat egitea, “eredua definitu eta antolatzeko”. Eta ordenantza hori guztia ondo egin ahal izateko beharko lukete : “Gure ustetan, udalak parte hartze mota desberdinak zeintzuk diren identifikatu eta zehaztu behar ditu eta horretarako partaidetzaren ordenantza eta plana egin beharko lituzke”.
Parte hartzea hezkuntza prozesu baten moduan ulertzen dute: “Parte hartze prozesuetan aritzen diren herritarrek, interes indibidualez haratago, herri ikuspegi bat izatera heltzen direla uste dugu”. EH Bildurentzat “garrantzitsua” da parte hartzea, herritarra bere lekuan jartzen duelako eta, horrenbestez, herritarra udal erabakietara gerturatzen duelako.
Udal gobernuaren aurrekontu parte hartzaileari buruz esan dute prozesua “zalantzazkoa” dela edota ez dela prozesurik egokiena: “Ez dago prozesurik, helburu zehatzik ezta metodologiarik ere. Parte hartzea ez da herritarrei zerrenda bat ematea. Ideien zerrenda horretan ez dago herritarren parte hartzetik ateratako ekintzarik”.
Osoko bilkurak. Beste eskaera batean, berriz, EH Bilduk udalari eskatu dio osoko bilkuretan herritarren parte hartzea bermatzea. Gogorarazi dutenez, udalbatzarra Internet bidez jarraitu ahal bada ere, herritarrek ezin dute amaierako galdera-eskarien txandan parte hartu: “Herritarren eskubideak ukatzen direla adierazi dugu hainbat osoko bilkuretan, ez dutelako aukerarik modu telematikoan osoko bilkuretan parte hartzeko. Herritarrek aukera eduki behar dute euren kexak eta ideiak mahai gainean jartzeko. Eurei zuzenean eragiten dieten gai publikoetan ezin da herritarren parte hartzea mugatu. Beharrezkoa da herritarren inplikazioa”.