Muruetako Udalak herritarren parte hartzea lehenetsiko du udalerriko HAPO diseinatzeko
1998. urtetik indarrean dauden egungo plangintzako arau subsidiarioak ordezkatzea dute helburu. Genero ikuspegia eta euskara kontuan hartuko dituzte HAPOn.
Muruetako Udalak arau subsidiarioak berrikusten hastea eta udalerriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) egitea onartu du. Azaldu dutenez, etorkizuneko hirigintza ordenamendu horren lantze prozesuan herritarren parte hartzea lehenetsiko dute. Plana idazterako orduan kontuan hartuko dituzte, baita ere, genero ikuspegia eta euskara.
Udal arduradunek adierazi dutenez, 1998tik indarrean dauden egungo plangintzako arau subsidiarioak ordezkatzea dute helburu. Muruetako HAPO Erdu-Estudio de Renovacion y Desarrollo Urbanos enpresak idatziko du, eta hori gauzatzeko aurrekontua 157.300 eurokoa da. Idazketak ingurumen iraunkortasuna kontuan edukiko du, baita ere genero ikuspegia eta berdintasuna. Era berean, iriste erraztasun unibertsalari buruzko araudia errespetatuko du eta herriko bideen eraginari erreparatu beharko dio.
Auzo guztien integrazioa. Garrantzi handia emango diote prozesuaren fase bakoitzean herritarren parte hartzeari. Horregatik, parte hartze saioak antolatzea aurreikusi dute, erredakzio taldekoek lantzen duten dokumentazioa guztia aurkezteko, euskaraz behar bezala adierazita; euskara ere kontuan edukiko duten gai bat delako.
HAPOren idazketak, hortaz, udal hirigintzan genero ikuspegia sartu eta gizon eta emakumeentzako aukera berdintasunaren printzipioei buruzko afekzioen eta neurri zuzentzaileen zerrenda zehatza jaso beharko du. Hizkuntza inpaktua ere ebaluatu beharko du, “euskarari eragin negatiborik ez eragiteko eta beharrezko prebentzio neurriak hartzeko”.
Herritarren parte hartzeko programa “etengabeko” informazio, prestakuntza, azterketa eta partaidetza prozesu modura bideratzea aurreikusi dute, eduki irekiei, ondorioei eta iritziei buruzko kontsulta eta eztabaiden bidez. Jakinarazi dutenez, nabarmentzekoa da prozesuak biztanleriaren eta eragile soziopolitiko, kultural, akademiko eta/edo ekonomikoen aniztasuna hartuko dituela kontuan, “herrian egon daitezkeen diskurtso guztien ordezkaritza bilatuz”.
Muruetan auzo guztien integrazioa “asko baloratzen” dute. Hori dela eta, auzoen foro bat eratuko dutela azaldu dute; “etengabeko komunikazio eta informazio bide eta tresnak ezarriko dira prozedura osoan, iriste erraztasun eta gardentasun printzipioetan oinarrituta”.
Adostasun maila handia lortzea dute helburu, ez bakarrik herritarren artean, baita ere maila politikoan eta instituzionalean. Hainbat partaidetza foro aurreikusi dituzte: erakundeen foroa, udalbatzak eta herriko bestelako talde politikoek osatutakoa; foro teknikoa, udal zerbitzu teknikoak dira buru, udalaz gaindiko beste zerbitzu tekniko batzuek edo azpiegiturak kudeatzen dituzten enpresetako zerbitzu teknikoekin batera; herriko elkarte eta jardueren foro bat, izaera zibil eta sozialekoa eta, oro har, herritarrek osatutako herritarren foro bat.
Parte hartzeko aukera berdintasuna bermatzeko mekanismo desberdinak kontuan edukiko dituztela esan dute: HAPOri buruzko informazioa sare sozialetan argitaratzea, prozesuari buruzko dokumentazioa udalaren webgunean deskargatzeko aukera eskaintzea, triptiko/dibulgazioko liburuxkan informazioa zabaltzea, bilerak, hitzaldi-solasaldiak, ebaluazio tailerrak, hitzaldi irekiak edo aldez aurretiko hitzordua eskatuta herritarrei arreta ematea.
“Muruetako bizilagunen egungo eta etorkizuneko premien araberako antolamendua bermatzeko, funtsezkoa da denok parte hartzea HAPO egiteko prozesuan. Prestatze prozesu garden eta adostu baten aldeko apustu sendoa egiten dugu. Muruetaren beharrak eta asmoak kontuan hartuta kudeatu gura dugu herria. Gainera, ez dugu ahaztu gura gure hizkuntza. Euskarak egiteko garrantzitsua edukiko du, genero ikuspegia bezala”, adierazi du Muruetako alkate Julen Karrionek.
Plan orokorrean udal plangintzagaz zerikusia daukaten gaiak landuko dituzte: hiri hazkundearen joerak, lurzoruaren hiri-erabilerak, iriste erraztasun eremuak, oinarrizko hiri zerbitzuak, herriguneak eta landa guneen garapen eta bilakaera maila, besteak beste. Etxebizitzei buruzko azterketa xehatua ere egingo dute.