Iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa ideia onena ere sarituko dute
Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketaren zortzigarren aldia da aurtengoa, eta sari berri bat emango dute aurten.
Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketa martxan dago; lehiaketaren zortzigarren urtea da aurtengoa, eta sari bat gehiago banatuko dute. Urdaibaik Bizkai, Araba eta Gipuzkoak lehen turismo helmuga iraunkorra izatea lortu duela eta, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkartean dauden eskualdeko udalek erabaki dute Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan, iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa ideia onena saritzea. Ideiarik onena 1.000 eurogaz sarituko dute (beste sariren bat jaso ez badu).
Lehiaketaren sari nagusia 3.000 eurokoa izango da. Bigarren sailkatuak 2.000 euro jasoko ditu eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro (aurreko sarietako baten bat jaso ez badu). Gainera, lehen eta bigarren sarituek urtebeterako langune bat izango dute Arratzuko Elkartegian. Halaber, Torrealday Aholkularitzak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan, eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterako. Hala eta guztiz ere, epaimahaiaren iritziz ideiek ez badute gutxieneko maila, sariak eman gabe geratu ahalko dira.
Busturialdeko Enpresa Ideia lehiaketak enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu. Hain zuzen, eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen Lana bilatzea, Lana da programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren edizio berri honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei.
Aurreko urteetan bezala, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, beti ere aurkezten duten enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Gainera, posiblea da enpresa ideia edo 2021ean sortutako enpresa bat aurkeztea.
Lehiaketan parte hartu gura dutenek azaroaren 19ra arte dute epea euren enpresa ideak aurkezteko, egun horretako 14:00ak arte. Izena emateko orriak Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetan edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegoan jaso eta entregatu beharko dira. Gainera, Ekintzailetza- Gaztedi Busturialdea webgunean ere deskargatu ahal dira eskaera orriak.
Sari banaketa ekitaldia abenduan egitea aurreikusi dute, baina, momentuz ez dute zehaztu Busturialdeko zein udalerritan egingo duten.
Epaimahaikideek zenbait irizpide eduki dituzte kontuan enpresa ideiak baloratzerako orduan: proposamenaren izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea eta originaltasuna; enplegua sortzeko daukan gaitasuna eta sortutako lanpostuen kalitatea; eskualdean proiektua aurrera eroateko aukera; proiektuaren jasangarritasuna eta proiektuaren definizio eta garapen maila edota gizarte eragina, besteak beste.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurreko zazpi urteak kontuan hartuta, 140 enpresa ideia eta enpresa aurkeztu dituzte.