"Uste dut Alemania maila sozialean asko aldatu daitekeela"
Markel Anasagati mundakarrak Alemaniako herritartasuna eskuratu du orain gutxi, eta irailaren 26ko hauteskundeetan eta Berlineko erreferendumean bozkatzeko aukera izan zuen.
Alemaniako herritartasuna daukazu. Noiztik?
Orain dela hiru aste inguru iritsi zitzaidan. Berlinen hirutik batek ezin du bozkatu. Datu hori ikusita animatu nintzen herritartasuna eskatzera. Europarra izanik errazago lortu daiteke herritartasuna, gainera. Orain dela bi urte egin nuen egin beharreko azterketa, eta horren ostean koronabirusa etorri zen eta utzi egin nuen. Hauteskundeak zeudela jakinik, otsail aldera hasi nintzen berrriro ere mugitzen. Uste nuena baino arinago iritsi zait, eta sasoiz bozkatzeko.
Zenbat denbora daramazu Alemanian eta zertara joan zinen?
Orain dela bederatzi urte inguru etorri nintzen beka bategaz, hiruzpalau hilabeterako. Hor kontratua egin zidaten sei asterako. Lanean ari nintzen, eta lagun batzuk proposatu zidaten Berlinera joatea, lanik ez zeukaten niretzako, baina kasualitatez, Eusko Jaurlaritzaren beka bat jaso nuen sei hilerako. Hori amaituta bueltatzea espero nuen, baina hemen jarraitzen dut.
Alemaniako herritar modura lehenengoz bozkatzeko aukera izan duzu. Ze sentsazio?
Gogo handiz joan nintzen, eta hasieran nahikoa lasai. Baina botoa eman ostean urduri jarri nintzen. Nire buruari galdetzen nion: Ondo egin dut? ondo eman dut botoa? Hemen botoa ematea ez da horren erraza. Hor ideologia bati botoa ematen diozu, normalean. Hemen, hauteskunde bakoitzeko bi ahots daude, eta estrategiak landu behar dira. Batetik, pertsona bati ematen zaio botoa eta, bestetik, zerrenda bati. Botoa eman orduko, hortaz, ikusi nuen aurreko urteetan nortzuk irabazi zuten, eta zeintzuk ziren aukerak. Aztertu nuen, gainera, ze auzotan bizi naizen. Ni burbuila batean bizi naiz. Etorkin asko dauden auzo batean bizi naiz Berlinen, ezkerreko boto askogaz. Auzoan 350.000 pertsona bizi gara, horietako askok ezin dute bozkatu. Jende nahikoa akademikoa da eta ezkerrekoa, pentsamendu sozialagaz.
Hiru hauteskunde eta erreferendum batean parte hartzeko aukera eduki duzu.
Hala da, bai. Hiru hauteskunde ziren eta bost boto eta, gainera, erreferenduma. Berlinen dagoen etxebizitzaren arazoari lotutako erreferenduma izan zen, enpresen nazionalizazioaz galdetzen zen. Herritarrak higiezinen enpresa handiak desjabetzearen alde agertu dira eta alokairuak kudeatzeko enpresa publiko bat sortzea babestu dute. Baiezko gehienak nire auzoan izan dira. Berlinen, auzorako hauteskundeak ere izan ditugu, Horretan boto bakarra ematen da, zerrenda bat baino ez da bozkatzen. Berlinerako Parlamenturako hauteskundeak ere egon ziren, horretan ahots bi daude: bata da ni bizi naizen lekurako, eta hori zuzenean doa Berlineko Parlamentura, berde batek irabazi du; bigarren ahotsean, zerrenda sartzen da, horren bidez alderdiei portzentajea ematen zaie. Aulkiak portzentajeka ematen dira. Azken hauteskundea Alemaniako Parlamenturako izan zen, horretan ere ahots bi daude. Zerrenda oso-oso luzea izaten da, eta gurutze bi egin behar dira. Bata, nor gura duzun zuzenean Parlamentura sartzea eta bestea zerrenda bati. Ez da batere erraza.
Aldaketarako gogoa dago?
Berlinen ez da aldaketarik egongo, ez dut uste. Hemen koloreetan egiten da berba, uste dut, gorria-gorria-berdea izango dela, hau da, sozialdemokratak, berdeak eta ezkerrak gobernatuko dutela. Kopuruak aldatu dira, berdeak asko igo dira. Sozialistak eta ezkerrekoak jaitsi dira apur bat. Askotan ikusten dut ez dagoela konfiantza handirik alderdi berriengan; hori, baina, neure iritzia da. Berlinen aldaketa egongo balitz, jendea kalera aterako litzateke. Sozialisten zuzendaritza oso ezkerrekoa da, eta bai Berlinen eta baita ere Alemanian hautagai moderatua aurkeztu dute. Berlinen ez du funtzionatu, beherantz egin baitute, baina Alemanian oso ondo funtzionatu du. Oraindik, baina, ikusteko dago zein izango den datozen urteetarako edukiko dugun gobernu mota. Ematen du semaforoa aterako dela, gorria, berdea eta horia. Hori ez bada ateratzen, uste dut Jamaika egiten saiatuko direla; beltza (kristianodemokratak), berdea eta horia (liberalak). Sozialistak zain daude, lehenik eta behin alderdi txikiak batu direlako, hau da, Berdeen eta Alderdi Liberalaren buruzagiak. Uste dute lehendabizi bi alderdi horien arteko akordioa lortu behar dutela. Beti esaten da liberalak direla zailenak itunak egiteko. Hala ere, negoziaketak oso oso luzeak izaten dira.
Aldaketa nabarienak zertan eman daitezke?
Uste dut maila sozialean Alemania asko aldatu daitekeela. Alemanian abortua erdi ilegala da oraindik ere, eta orain dela hiru urtera arte sexu bereko pertsonek ezin zuten ezkondu. Orain, berdeekin eta liberalekin, marihuanaren legalizazioa etorri liteke, bai eta abortuaren legalizazioa ere, eta transexualek adopziorako aukera izango lukete… Kontserbadoreak egon direnez gobernuan, ez da ezer aldatu. Uste dut horretan nabaritu daitekeela, baita ere digitalizazioan. Alemanian ez dago estaldura onik, eta dena da papera eta papera. Uste dut sozialistek eta liberalek gauza horiek aldatuko dituztela; ez dakit zelan, desastre hutsak direlako. Soziala diodanean, ez nabil laguntza sozialetaz, horretan ez dut uste aldaketa nabarmenik egongo denik.
Erreferenduma egiteko, alokairuagaz arazoak al daude?
Auzo batzuetan %75 garestitu dira alokairuak azken hamar urteetan. Ez dago etxe huts askorik. Enpresa batzuek milaka etxe dituzte, eta horiek nazionalizatu gura dira prezioak jaisteko.
Hala ere, ez da loteslea.
Ez, eta ez dakigu zer gertatuko den. Beste batzuetan herritarren iritziak kontuan eduki dituzte. Sozialdemokratak aurka egon dira, baina Berdeak eta ezkerra nazionalizazioaren alde daude.
Proiektu sozialen arloan lan egiten duzu.
Integrazio proiektu batean lan egiten dut. Beharrik ez dutenak edota ikasketarik ez dutenak sisteman integratzen saiatzen naiz. Imajinatu dezaket ministerio soziala eta lanekoa sozialistek eroango dutela, hortaz, proiektuagaz jarraituko dela uste dut.
Gizarte zerbitzu hobeak non, Alemanian edo Euskal Herrian?
Alemanian hobeto. Esaterako, langabeei etxebizitza ordaintzen die, argia, ura, gasa… Egin behar duzuna da eskatzen dizuten ikastarora joan eta eurekin batu. Gurasoek ere, seme-alabek 25 urte egin arte diru laguntza bat jasotzen dute. Formakuntza Profesionala egitearren ere ordaindu egiten dizute. Horrelako gauzak oso ondo daude.
Bueltatzeko asmorik bai?
Ez dut horretan pentsatu, baina ez daukat asmorik betirako geratzeko. Ondo nago, lanean pozik nago eta lagunak ere baditut. Bizitza egonkorra daukat hemen