"Hemen energia berriztagarrien erabilera %16 da eta sorkuntza %8,5"
Energiaren Euskal Erakundearen (EVE-EEE) zuzendari nagusia da Iñigo Ansola Kareaga markina-xemeindarra. Beste lurralde batzuekin alderatuz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoak "energia kontsumo handia" dagoela dio, eta 2030erako energia berriztagarrien erabilera %21era igotzea dela erronka.
Zeintzuk dira energiaren euskal erakundearen lan-ildo nagusiak?
1982an sortu zenetik Eusko Jaurlaritzaren politika energetikoak erakundetik bultzatu dira. Azken plan estrategikoa 2015-2030 bitartekoa da. Erakundearen funtzioa ere bada Euskadiko politika energetikoak bultzatzea eta proiektuak gauzatzea. Euskadin daukagun gas sarea EVEtik bultzaturikoa da. Gaur egun, proiektu berriztagarriak bultzatzen gabiltza.
Gaur egun zeintzuk dira proiektu nagusiak?
Aerosorgailuen parkeak bultzatu nahian gabiltza, eta baita ere parke fotovoltaikoak. Orain dela bi urte Ekian izeneko parke fotovoltaikoa ipini genuen martxan, Euskadiko handiena izan zena, 24 megawattekoa. Orain, Ekieneagaz 120 bat megawatteko potentziadun parkea burutu nahi dugu. Proiektu ertainen artean, esanguratsua da Ekionak. Parke fotovoltaiko horiek 1-5 megawatt bitarteko potentzia daukate, eta kooperatiba ereduan ezarri nahi ditugu. Bazkideak kontsumitzaileak eurak izango lirateke, etxe jabeak. Norberaren etxean behar den argindarra baino gehiago ezingo dute eduki. Halako sistema kooperatibista bat bultzatu nahirik gabiltza Lea-Artibai guztirako. Eta parke eolikoak bultzatzen ari gara. Momentu honetan Araban dauzkagu proiektuak definituta.
Energia berriztagarrien kontsumoa zenbatekoa da hemen?
Erkidegoan erabilera %16 da eta sorkuntza %8,5. Berriztagarrietan sortutako argindarra inportatu egiten dugu. Helburua da 2030erako erabilera %21era igotzea. Horrek esan nahi du sekulako esfortzua egin behar dela. Beste lurralde batzuekin alderatuz, Euskadin sekulako energia kontsumo handia dago, bai gure industrian, garraio sisteman, etxebizitzetan… Energia asko kontsumitzen da, eta berriztagarrien alde egiteko proiektu asko ipini behar dira martxan. Esate baterako, gure mix energetikoaren %1 aldatu nahi badugu berriztagarrien alde, sektore eolikoan 230 megawatteko potentzia instalatu behar dugu, eta fotovoltaikoan 570 megawattekoa. Proiektuz proiektu bidea arakatzen joango gara, bidea egiten, helburuak lortzen joateko. Baina argi eduki behar dugu bide maldatsua dela, ez dela bat ere erraza.
Diozun %21 horretara heltzeko, zer behar da?
Mirarik ez dago. Lan asko egin, eta teknologia guztiak ahalik eta gehien eta proiektu berriztagarri asko ezartzen joan behar gara. Adibidez, garraioan zeregin handia daukagu. Herritarrei erraztasunak eman behar zaizkie berriztagarrien aldeko apustua egiteko, autokontsumoa bultzatuz. Eta eraginkorragoak izan behar gara industrian zein gure etxebizitzetan. Euskadin, gutxi gorabehera milioi bat etxebizitza daude, eta horietatik % 70 bat 50 urtetik gorakoak dira. Horiek ez dira oso eraginkorrak. Etxea oso ondo isolatuta badaukazu, energia oso gutxi behar duzu barruan. 50 urtetik gorako etxebizitzak birgaitu egin beharko dira, eta horretarako diru-laguntzak egon behar dira. Azken urtean 50 milioi euro eman ditugu etxebizitzak birgaitzeko, eta gehiago etorriko dira. Zenbat eta etxebizitza gehiago birgaitu, askoz ere eraginkorragoak izango gara eta isurketa gutxiago edukiko ditugu, eta gure mix energetikoa aldatzen joango gara. Kontsumo energetiko gutxiago edukiko dugu, eta era berean, etxe horietan, proiektu handietan eta komunitarioetan berriztagarriak sartzen bagoaz, mix berdeagoa edo garbiagoa edukiko dugu.
Zelako diru laguntzak daude?
30 milioi euroko diru laguntzak indarrean jarri berri ditugu autokontsumoa bultzatzeko, norbere etxean plaka fotovoltaikoak, isotermia edo beste teknologia batzuk ezartzeko. Ibilgailu elektrikoentzat 16 milioi euro argitaratu dira, Moves programaren bidez. Proiektu handi, ertain zein txikiek lagunduko digute gure mix energetikoa berriztagarrietarantz eroaten. Aldaketa teknologia denen artean egin behar dugu. Gure mix energetikoan garraioa da energia gehien kontsumitzen duena, %43,5, eta industriak %35. Garraioaren zenbateko horren %90 baino gehiago erregai fosilen bidez lortzen da, batez ere petrolioarekiko deribatuak diren gasolina eta gasoliotik. Hor sekulako beharra dago egiteko.
“Sistema publikoak honetan derrigor lagundu behar du,
eta horretan gabiltza”
Gurean zein da energia berriztagarri ugariena ?
Gutxi aitatzen dena, baina Euskadin sekulako potentziala daukana biomasa da. Bere erabileragaz etxe edo pabiloi asko berotu litezke. Egun, gure berriztagarrien kuota horretan parte hartze handiena daukan teknologia da, fotovoltaikoak eta eolikoak baino gehiago.
Zenbat aurreztu liteke energia berriztagarriekin eta zenbat kutsadura murrizten da?
Energiarik onena kontsumitzen ez dena da. Eraginkortasuna giltzarria da. Esate baterako, industrian unitate bat lortzeko erabiltzen den energia murrizten bada, produktu hori lehiakorragoa izango da, alor ekonomikoan zein ingurumenekoan. Isurketa gutxiago egongo dira hori lortzeko energia gutxiago erabili baduzu. Energia sorkuntzak baino garrantzi handiagoa dauka eraginkortasunak. Azken urteetan Barne Produktu Gordinak gorantz egin duen arren, energia kontsumoak behera egin du Euskadin. Horrek esan nahi du gero eta eraginkorragoak garela.
Herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea helburu duen Asteklima Energiaren eta Klimaren Astea izan zen aurrekoa. Kontzientziarik badago?
Erkidego mailako aurtengo ikerketa soziologiko baten arabera, %45etik gora berriztagarriak ipintzearen oso alde dago. Kontzientziazioa gero eta handiagoa da. Aldaketa klimatikoak gehiengoari arduratzen zaigu. Berriztagarriak konponbide bat izan litekezke isurketak murrizten joateko. Herri txiki bat gara, baina herri txiki askogaz herri handi bat egiten da; proiektu txiki askogaz proiektu handi bat egiten da. Uste dut herritarrok gero eta konbentzituago gaudela gure eskuetan ere badagoela ildo horretan lan egitea. Norberarengandik hasi behar dira ekimenak, besteen eskuetan utzi barik.
Erakundeetatik apustu, inbertsio nahikoa egiten da?
Azken urteetan diru laguntzak asko gehitu dira; halako zifrak orain arte ez dira ikusi. Europan berriztagarrien alde eta erregai fosilak gero eta gutxiago erabiltzeko egiten den apustuagaz, diru asko bideratzen dabiltza etxebizitzak birgaitzeko, autokontsumoa bultzatzeko, garraio sistema aldatzen joateko… Sistema publikoak honetan derrigor lagundu behar du, eta horretan gabiltza. Susperraldi funtz asko eta asko bideratu dira energia arlora. Horrek bai eraldatuko du gure gizartea.