Herrigunera bueltatuko da Gernika-Lumoko Rallya
Parke itxia Artekalen egongo da. Euskadiko Txapelketaren azkenengo proba da.
28. Gernika-Lumoko Rallya lehiatuko dute asteburuan. 09:00etan hasiko dute proba zapatuan [urriak 9], Pasealekuan. Hala, iazko salbuespenaren ostean, aurten herrigunera bueltatuko dira.
59 auto daude izena emanda: 51 abiadurakoak eta zortzi erregulartasunekoak. “Iazko aldean gutxiago dira; iaz 90 egon ziren. Aurten lasterketa guztietan gertatu da hori”, azaldu dute Gernika Racing Elkartearen ordezkariek.
Euskadiko Txapelketaren laugarren eta azkenengo proba da Gernika-Lumokoa. Txapelketa irabazteko aukerak dituztenak honako hirurak dira: Ioritz Odiaga eta Arkaitz Kobeaga (Kastinparro Racing Renault Megane), Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti (Kastinparro Racing Citroën AX)eta Arkaitz Uranga eta Maialen Guridi (Iparralde Racing Peugeot 208 R2). Odiagak eta Kobeagak esku-eskura daukate txapela. Beste bi bikoteetako batek irabazi ahal izateko Odiagak eta Kobeagak oso atzean amaitu beharko lukete biharko rallya.
Gernika Racing etxeko taldetik lau bikotek lehiatuko dute: Anartz Arrietak eta Iñigo Ugaldek, Ibai Zumalakarregik eta Ibai Ajuriagoikoak, Aratz Zarakondegik eta Aitor Kortazarrek eta Eneko Fuentesek eta Iker Aransolok.
[IKUSI IZENA EMANDAKOEN ZERRENDA]
Bariku arratsaldean [urriak 8] Merkurio parean egingo dituzte egiaztatzeak, 17:00etatik aurrera, eta parke itxia Artekale Kalean egongo da.
Eguneko erlojupeko lehenengo tartea Belendizen hasiko dute zapatuan. Handik Nabarnizera joan eta Ereñon amaituko dute lehen tartea. Bigarrena, berriz, Gernika-Lumoko Garbigunetik hasiko dute. Errigoitira igo eta Metxikatik Baldatikara pasatuko dira, eta Foruko harrobian amaituko dituzte goizeko lanak.
Arratsaldean Julen Bilbao tartea egingo dute lehenengo (Mendata-Marmizeko bidegurutzea-Ibartxuko bidegurutzea-Arratzu), eta ondoren, Lumo, Metxika eta Olabarria arteko zatia egingo dute.