Bermeoko EH Bilduk herritarrak animatu ditu biharko itzalaldian parte hartzera
Azaldu dutenez, EAJk ez du onartu gaiari buruz Bermeoko Udalean aurkeztu duten adierazpen instituzionala, eta Guzanen erantzunik ez dute jaso.
Bermeoko EH Bilduk enpresa elektrikoak egiten ari diren “lapurretaren” aurkako itzalaldian eta burrunbadan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Uste dute “nahikoa dela esateko unea” iritsi dela, “planto egiteko” unea iritsi dela. Hala, biharko deituta dagoen itzalaldi eta burrunbadagaz bat egin, eta 22:00etatik 22:30era Taraskan batuko direla azaldu dute. Taraskara hurbildu ezin duteneei, etxeetatik parte hartzeko deia egin die.
“Enpresa elektriko handiak gure herriko herritarren eta enpresa txiki eta ertainen kontura egiten ari diren lapurretaren aurrean ez garela besoak gurutzatuta egongo. Salatuko dugu ez dugula argindarraren prezioa ezartzeko behar besteko subiranotasun energetikorik; Espainiako Estatuan, berriz, alderdi handiek ez dituzte geldiarazten argindar elektrikoen botere eta diru nahiak, eta ez dugu ahaztu gura alderdi horietako ordezkari esanguratsuak daudela enpresa elektrikoen administrazio kontseiluetan”, esan dute EH Bilduko Bermeoko zinegotziek.
Salaketa honetan bakarrik ez daudela gogorarazi dute: “Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko indar independentistok indarrak batu gura izan ditugu, eta biharko protesta ekitaldia aldi berean egingo da hiru herrialde horietan. Bada garaia erakusteko gure herrian ez dugula uzten gehiengoaren eskubideekin jolasten, gutxi batzuek poltsikoak betetzen dituzten bitartean”.
Alderdi guztiekin adostu eta ondoren adierazpen bateratu bat kaleratu asmoz, Bermeoko Udalean aurkeztu zuen EH Bilduk gaiari buruzko adierazpen instituzionala. Esan dutenez, baina, Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) ez du adierazpena onartu, eta Guzanen erantzunik ez dute jaso. Hala, horien ustez, argiaren igoeraren aurrean guztiok batera kontra egiteko “borondate falta” erakutsi dute.