Udalak Tonpoiko ingurune naturala berreskuratzeko lanei ekingo die
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren azpiegitura berdearen alorreko jardueretako bat dela esan du Bermeoko Udalak.
Bermeoko Udalak Tonpoiko ingurune naturala berreskuratzeko lanak egin gura ditu. Hala, lehiaketara atera dituzte hurrengo faseak barnebilduko dituen lanak, eta bihar amaituko da eskaintzak aurkezteko epea. Lanok egiteko epea hiru hilabetekoa izango dela zehaztu dute, eta aurrekontua 226.262 eurokoa izango da.
Hurrengo fasean ondorengo lanak egitea aurreikusi dute: lur eremuan gauzatu beharreko eraispen, berdintze eta garbiketa lanak, berdeguneetan gauzatzekoak diren paisajismo lanak eta oinezko bideak eraikitzeko lanak. Aipatu proiektuaren bidez, Tonpoi inguruan parke publiko natural bat sortuko dute.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren azpiegitura berdearen alorreko jardueretako bat da. Bermeoko Udalak gidatzen duen ekintza horren helburua da esparru horren berreskurapen integrala sustatzea, bai ingurumenaren ikuspuntutik eta baita ere ikuspuntu sozialetik, hiri ingurumenarekiko azpiegitura berde bat sortuta.
Azpiegitura horrek erabilera publikoa edukiko du, eta klima aldaketara egokitutako irizpide jasangarriez egingo dela azpimarratu dute. Eremu horrek Natura 2000 Sarean sartuta dagoen eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren gune gisa sailkatuta dagoen hiru kilometroko kosta zerrenda bat dauka, “ingurumen balio handikoa”.
Jarduketa pilotuak. LIFE UP Urban Klima 2050 proiektuak jarduketa pilotuak gauzatzen ditu Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiriburuetan, bai eta beste lau udalerritan ere: Bermeoz gain, Gernika-Lumon, Bakion eta Zarautzen egingo dituzte jarduketak.
Klimaren ondorioetara egokitzeko eta ondorio horiek murrizteko 40 ekintza barneratzen ditu egitasmoak. Aipatu ekintza horiek ere Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiru eremu geografikotan gauzatuko dituzte: kostaldean, ibaietako arroetan eta hiri eremuetan.