'Itsas-Lagun' aurkeztu dute Bermeoko portuan, Ertzaintzaren ontzi berria
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua egon da Bermeoko aurkezpenean.
Bermeoko portuan aurkeztu dute Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate lanen taldeak erabiliko duen erabilera anitzeko ontzi berria: Itsas-Lagun. Hain zuzen ere, Ertzaintzak itsasertzean eta barne uretan lan egiteko erabiltzen dituen beste zortzi ontziei batuko zaie.
Itsas-Lagun ontzia aurkezteko Bermeko portua aukeratu badute ere, basea Pasaian izango du. Azalpenak emateko bere udalerrira bertaratu da gaur eguerdian Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua. Beragaz batera egon dira Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Ertzaintzako Erreskate Unitateko hainbat agintari eta agente. Horiek guztiek ontzira igo eta haren xehetasunak ezagutzeko aukera izan dute, portutik bira txiki bat eman baitute.
Kabinadun ontzi zurrun bat da Itsas-Lagun, 12 metroko luzera du eta 3,5 metroko zabalera. 300 zaldiko karelez kanpoko bi motor dauzka eta itsasoan 12 miliaraino barneratzeko behar besteko autonomia dauka. Gutxienez, patroi bat eta bi marinel izango ditu. Ontziaren kostua 319.000 eurokoa izan dela azaldu dute. Ontzia Ertzaintzaren ontzidia eguneratzeko eta modernizatzeko prozesuaren esparruan kokatu da.
Datuak. Erkorekak Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Uretako Atalaren zenbait datu eman ditu Bermeon, ontzira sartu orduko. Hala, uretako atalean 40 pertsona daudela esan du, horien artean daude patroiak, ontzien mekanikariak, urpekariak…
2020an taldeak 204 irteera egin zituen; horietatik 38 biktima bat arriskuan zegoelako uretan egindako erreskateak izan ziren, eta 100 kirol proba ingurutan parte hartu zuten. Bestalde, Ertzaintzako uretako baliabideek prebentziozko 43 polizia jarduketetan eta polizia ikerketen ondorio ziren edo planifikatuta zeuden 23 operatibotan parte hartu zuten. Aipatu duenez, ohikoa izaten da, gainera, erreskateetan aireko eta uretako baliabideak bateratzea, iaz, esaterako, 23 aldiz batu zituzten indarrak, “baliabideak optimizatzeko”.
2021eko lehenengo seihilekoari dagokionez, uretako atala 25 aldiz atera da uretako erreskateetara, 86 kirol probetan parte hartu dute eta prebentziozko 13 polizia jarduketa egin dituzte. Gainera, 27 polizia operatibotan parte hartu dute.
Dekretu berriaz. Bihar indarrean sartuko den dekretu berria dela eta, asteburura begira polizia operazio bereziren bat egongo den galdetu diote kazetariek Erkorekari. “Dekretuaren helburua da murrizketak kentzea, askeago uztea; azken hileetako neurri estuak zabaldu eta lasaitu egingo dira. Ikuspuntu horretatik, beraz, dispositibo berezirik ez da egongo. Ertzaintzak bere eginkizunak beteko ditu orain arte bezala, kontuan izanik indarrean dagoen araua lasaiagoa dela”.