Eako txoko maitatutik Bilboko arte galeriara
Erramun Mendibelanda artista eatarraren 50 bat lan ikusgai daude Bilboko Juan Manuel Lumbreras Arte Galerian. Erakusgai ipini dituen obra gehienak Eako tailerrean eginak dira; 30 bat urtetako lanaren lagina da.
Ean, bere sorterrian sortzen du Erramun Mendibelandak. Bere tailerrean egindako lanak sarritan erakusgai izaten ditu etxeko atarian. Dioenez, ataria tailerra ere bihurtzen da nolabait. “Olioa astiro sikatzen denez, sikatzen doazen prozesuan, gure atarira bajatzen ditut. Nire lekua Ea da, nire txokoa Ea da”.
Oilategi batean aritzen da sormenari eragiten, musika ipini, leihoa zabaldu eta zoriontsu da bertan: “Han aurkitzen ditut barneak. Iluntasunean murgilduta, nolabait halako izaera mistiko bat ere aurkitzen dut, pentsaera guztiz transzendentala”.
Bere leku maite horretan sortutako lanetariko asko Bilboko Juan Manuel Lumbreras Arte Galerian ditu ikusgai orain. “Erakusketan dauden beharbada gehienak Ean pintatuta daude”.
50 pintura eta bestelako objektuekin osatutako erakusketa da. Irailaren 9an inauguratu zuten, eta urriaren 15a bitartean, astelehenetik barikura (11:00-14:00 eta 17:00-20:00) bisitatu daiteke.
Irailaren 16an bi saio berezi egin zituzten arte galerian. Erakustokia piano doinuez jantzi zuten. Bartzelonako piano-jotzaile batek eskaini zituen emanaldiak, eta aforoa bete zuten: “Gauza bereziak etenik gabe sortzen dira. Berezitasun eta ezintasunaren inguruan gabiltza beti mugan”.
Hamarkadetako lana. Bere lanen artean aukeraketa egin, eta olioen bildumatxo bat konpartitu du. “30 bat urtetik ateratako lan kutuna dago. Ez daude kronologikoki denak, edo izan behar zirenak, baizik eta nigaz harreman berezi bat izan dutenak”, zehaztu du eatarrak.
Grabatuak ere egiten ditu: “Grabatu gordinak ere agertzen dira. Baina, askotan, egindako grabatuen gainean segitzen dut pintatzen. Erakusketa honetan horiek dira kopuru handi bat”. Orain dela 20 bat urte mihise gainean oleoz pintatuko lanak ere ikusgai daude: “Obra horiek tailerrean segituko balute, berriro pintatuak izateko arriskuan egongo lirateke. Erakusketan urrundu, liberatu egiten dira gure eskuetatik”. Berez “zentzua” daukate. Pinturak bizipenak dira, berarengandik “sortu eta askatu” egin direnak, eta libre berezko zentzua hartzen dutenak: “Obra batean, pintura batean, ez dakit nik bilatzen dudana, baina aurkitzen dudana da ni gabe ere obrak bere zentzua, bere nahia, bere bizitasuna edukitzea”.
Eako artistak dio obra hauek ez dutela “irudia izateko” asmorik. Irudiaren eta artearen bereizketa egin du: “Gaur egun irudien gizartean bizi gara, kutsadura ikonikoa, esan genezake gure larruan ere irudia sartzen dugula. Artistak ez ditugu irudiak egiten. Bizipenak ditugu betikotasuna daukaten elementuekin harreman batean. Irudia da gauza bat eta artea beste gauza bat. Irudiaren desioa nolabait da zabaltzea, komunikatzea. Arteak ez ditu asmo horiek. Artea gehiago da norberaren barruan atzaparrak edo eskuak barrurarte sartu, eta hor bilatuz aritzea, espero gabekoa agertuz”. Azpimarratu du erakusketa ez dela ulertzen asmo horrekin ez bada. “Ikasleei ere lehen egunean esaten diet: gu ez gatoz pintatzera, sentitzera baino”.
Etenik gabe pintatzen du, eta lanak asko jagoten ditu. Ez du «promozio lanik egiten», eta formatu txikiak maite ditu, hurbilekoak, intimoak: «Distantzia laburrekoa naiz, zarata gutxikoa… testuinguru hori behar dut. Berba egiten dugu, baina berbak amaitzen diren lekuan eta momentuan hasten da gure ekarpena. Logika amaitzen den lekuan, dakiguna amaitzen den lekuan, ez dakigunean hasten gara. Guk ez dugu bilatzen inguruarekin loturarik; agian, bilatzen dugu inguruarekin deslotura, urruntze bat behar dugu”. Euren lanean aurkitzen dute urruntasun hori. “Denok bizi gara ebidentea den munduan, eta hain ebidentea ez den munduan batera. Afirmazioak baino nahiago ditugu ukazioak, reflexioak, barne-hausnarketak… gizakiok oso bakanak gara. Sostengatzen gara taldean, Euskal Herrian batez ere taldean, baina pintatzerakoan hortik urruntze bat ikusten dut. Liberazio bat besteen begietatik”.