Jubilatu elkarteen arteko elkarlana, ezinbestekoa
Lea-Artibaiko, Eako eta Ereñoko jubilatu elkarteek topaketa egin dute Gizaburuagan. Elkarteak sortzen hasi zirela 50 urte betetzen direnean, elkarlanean batera jarduteak daukan garrantzia azpimarratu dute.
Elkarlanean gauza asko lortzen dira. Eta horren adibide dira bertoko jubilatu elkarteak. Bizkaiko Nagusiak elkarteak aurten 50 urte betetzen dituela eta, Lea-Artibaiko, Ereñoko eta Eako jubilatu elkarteetako kideek topaketa egin zuten zapatuan, Gizaburuagan.
Orain arte eduki duten ibilbidea errepasatzeaz gain, elkarteen arteko elkarlana eta guztiek batera jarduteak daukan garrantzia azpimarratu zuten. Gizaburuagako Udalari ekintza egin ahal izateko azpiegiturak jarri izana eskertu ostean, esan zuten aurten baita ere 50 urte betetzen direla Lea-Artibaiko nagusien elkarteak mugitzen hasi zirela. “Orain arteko ibilbidean guztion arteko elkarlana eta solidaritatea ezinbestekoak izan dira. Bizkaitik aspaldi ikusi zuten denok batera jarduteak daukan garrantzia. Hala dihardugu gaur egun, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu”. 70 herritar inguru batu ziren Gizaburuagan, eta han izan ziren baita ere Koldo Goitia Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakaria, Arkaitz Goikoetxea Lea Ibarrako Mankomunazgoko lehendakaria eta Amaia Zabala Gizaburuagako alkatea.
1971. urtean sortu zen Bizkaiko Nagusiak elkartea, eta nahiz eta urte berean Lea-Artibaiko eta Busturialdeko batzuk sortzeko mugitzen hasi ziren, hurrengo urteetan sortu ziren elkarteak: Markina-Xemein (1977), Lekeitio eta Etxebarria (1979), Berriatua (1986), Aulesti eta Ea (1988), Mendexa, Ziortza-Bolibar eta Amoroto (1991), Ondarroa (1992), Ispaster (1993) eta Munitibar eta Ereño (1996).
Garai bateko kezkak edukitzen jarraitzen dutela esan zuten, eta aurrera begira ere ekintzak antolatzen eta ekiten jarraitzeko gogotsu daudela agertu zuten.