"Egiagaz" Abiña berreskuratzeko lanetan dabil Sukarrietako Sandinderi taldea
Inoiz ez dela enklaberik egon diote Sandinderi taldeko kideek: "Itsasoa asmatu dute estuarioa dagoen lekuan". Erakundeekin harremanak hasi dituzte.
Abiñako San Antonio Sukarrietari bueltatzea. Hori da Sukarrietako Sandinderi taldeak eskatzen duena, eta horretarako “gogotsu” ari dira lanean. “Egia” daukatela diote, eta aukera ere badagoela uste dute. “Bidegabekeriaz kendu” ziotena berreskuratzea dute helburu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia betetze aldera, Bizkaiko Batzar Nagusiek San Antonio enklabea Busturiarena izatea onartu zuen 2017ko abenduan. Aipatu sententzia, baina, “datu okerrak” erabilita idatzi zela diote taldeko kideek: “Bertan dauden argudioak irakurrita, sententzia oker dagoela ikusi daiteke”. Horien ustez, bere garaian, Sukarrietako Udalaren defentsa “oso txarra” izan zen.
Sandinderi taldekoek argi daukate inoiz ez dela enklaberik egon: “Itsasoa asmatu dute ez dagoen lekuan, Urrutiako putzuan. Inoiz gertatu behar ez zen eztabaida bat sortu zen. Estuarioa da, eta estuarioa gune itsas-lehortarra da eta, hortaz, udalerriarena da”. Uste dute egia baino ez zela esan behar, hau da, Mundakan amaitzen den estuarioa dela; “Oka ibaian itsasoa egon ezin den modura, Oka ibaiaren estuarioan ere ezin daiteke itsasoa egon. Hori esan baino ez zegoen eztabaida amaitzeko. Sukarrieta eta Busturia banatzen duten mojoi biren artean etengabe ura dabilela esaten da sententzian. Peritu froga bat egin zen, eta han esaten zen inguru horretan ura zebilela beti. Enpresa batek egin zuen peritu frogaren arabera, itsasoa dago han”.
Sententziaren jurisprudentzia Kanariar Uharteetan oinarrituta dagoela azaldu dute: “Ez da itsasoa ere ez, Ozeano Atlantikoa baino. Estatu Espainolean hainbeste erreka eta estuario egonik, zergatik ez dago jurisprudentziarik? Estuarioak udalerriarenak direlako. Ezin daiteke eztabaidatu, itsasoa ez dagoelako estuarioaren barruan”.
Erakundeekin harremanetan jartzen hasi dira eta diotenez, konturatu dira ez direla gai horien arrazoiei kontrako argudioak emateko: “Egia esaten dugu, eta akats bat egon da”. Bizkaiko Batzar Nagusietako Eusko Alderdi Jeltzaleagaz (EAJ) batu dira, eta haren erantzunaren zain daude; asteon berriro batzekoak dira. EAJgaz hasi dira, gehiengoa daukatelako, baina kasurik egingo ez baliote, ordezkaritza daukaten alderdi guztien ateak joko lituzketela esan dute. “Orain arte jeltzaleak harrituta geratu dira, baina erantzukizuna eurena da. Izan genuen batzarrean auzia aztertzeko eta irtenbide bat bilatzeko jarrera agertu zuten. Aurreko batzarrean zerbitzu juridikoekin kontsultatuko zutela esan ziguten”.
Diotenez, ematen duten argudioa ez da eurena, baizik eta enklabea zegoela esaten zuen auzitegiarena: “Enklabe bat dagoela esaten da, ustezko itsaso bat dagoelako, eta berriro diogu ezin dela estuarioan itsasorik egon. Ez dakigu auzitegiko presidenteak lekua ez baduen ezagutzen edota alde biak entzun ostean hartutako erabakia den. Egia da Sukarrietaren defentsa eskasa izan zela, itsasoa dagoen edo ez eztabaidatzen hasi zen, estuarioa dela esan behar izan zuenean”.
Erabakia hartzeko kontuan izan zituzten txostenetan ere, gune horretan itsasoa dagoela esaten da: “Ez dakigu zeintzuk izan ziren txosten horiek egiteko motibazioak, baina guk gurea dena bueltatzea eskatzen dugu. Pentsatu gura dugu akats batengatik izan zela, gauza txarragoetan pentsatu gura barik”.
Jatorria Abiñan. EAEko Auzitegi Nagusiak emandako sententzia irmoa zen eta, beraz, bete beharrekoa. Baina egoerari buelta emateko aukera badagoela uste dute. Udal-mugarteen eskumena Bizkaiko Batzar Nagusiena da. “Bere garaian enklabea desagerrarazteko Sukarrietari Abiña kentzeko erabakia hartu zuten moduan, arau berri bat egin ahalko lukete arrazoi historikoak medio, kendu digutena berreskuratzeko aukera izan dezagun. Edozeinek erabili ahalko lukeen araua izango litzateke. Konpontzeko aukera egon behar da eta eduki behar dugu”, azaldu dute Sandinderi taldekoek. Sukarrietak pairatu behar ez duen “akats larri” bat egon dela uste dute; “konpentsatu egin behar digute, gurea dena bueltatuz”.
Gogorarazi dute Abiña auzoa Sukarrietakoa dela jatorriz. “Sandinderi uhartean egon ziren lehenengo eliza eta udaletxea. Herria San Andres de Pedernales izenagaz eratu zen”. Ezaugarri berezi bat ere badaukatela diote, Sukarrietaren parte bat Kanalan dagoela aipatuta; “Abiña, Txatxatxarramendi, Sandinderi, Samikole, Kanala… gure herriaren ezaugarria da estuarioaren inguruan dagoen herria dela, horrek bereizten gaitu. Zaila da horrelako beste kasu bat aurkitzea”. Galdera bat ere badaukate: “Ez al da ilegala herri bati jaio den lekua kentzea? Sukarrietari Sukarrieta kendu diote; Sandinderin jaio zen. Zubi batek lotzen zuen Sandinderi uhartea udalerriagaz. Hori legezkoa al da? Udalerriaren murrizketa historikoa gertatu da”.
Sandinderi taldean 30 pertsona inguru daude, batzordea, hala ere, dozena bat inguruk osatzen dute: “Ideologia eta pentsamendu guztietako pertsonak batuta gaude. Helburu bera daukagu denok, Abiña berreskuratzea”. “Haserre” daude, baina “arrazoia” daukatelako “borrokan” daudela argi utzi gura dute: “Eta eurek ere badakite arrazoia daukagula”.
Kontua ez dela amaitu diote. “Jende askok uste du ez dagoela zereginik. Baina, bai, badago. Gurea ez da haserrealdi bateko kontua, arrazoia daukagulako ari gara hemen borrokan”.