Berbalagunak bueltan dira aurrez-aurreko saioekin
Lagunartean euskara eginez, "hizkuntza bizia eta adierazkorra" lantzen dute berbalagunek, eta "erraztasuna hartzen dute" egunerokotasunean euskara erabiltzeko.
Urriagaz batera martxan hasi dira Berbalagun egitasmoan parte hartzen duten taldeak. Gogorarazi dutenez, euskararen erabilera bultzatu eta indartzea helburu duen egitasmoa da. Izan ere, diotenez, euskara ikasteko ezinbestekoa da hizkuntza praktikatzea, eta horretarako “aukera paregabea” eskaintzen duen egitasmoa da Bermeoko Udalaren Euskara Sailak antolatzen duena.
Lagunartean, euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen dizkie parte hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo. Hala, euskaraz berba egin gura dutenen topagunea da, lekua dago ahozko euskara hobetu gura dutenentzako zein euskara ondo dakitenentzako. Lagunartean euskara eginez, “hizkuntza bizia eta adierazkorra” lantzen dute eta “erraztasuna hartzen dute” egunerokotasunean euskara erabiltzeko.
Aurten, gainera, ohiko formatua berreskuratu dute, hau da, taldeak aurrez-aurre batzen hasi dira. Izena emateko epea zabalik dago, eta ikasturteko edozein momentutan izena eman daitekeela gogoraratu dute. Parte hartzea doakoa da. Honako lekuetan izena eman daiteke: AEK (609 46 20 18) eta Gotzon Garitaonaindia (688 65 14 91) euskaltegietan, Hizkuntza Eskola Ofizialean (94-618 70 91), Bermeoko Udalaren Euskera Sailean (94- 617 91 22) Marimar Hernandez dinamizatzaileari (607 60 95 80) deituta. Sare sozialen bitartez ere eman daiteke izena, berariaz prestatutako inprimakia beteta.
“Oso harrera ona” izaten duen egitasmoa dela azaldu dute , eta urtez urte aberastuz doa. Normalean, 5-6 laguneko taldeetan batzen dira, eta taldeak osatzeko kontuan hartzen dituzte parte hartzaileen egutegia, adina eta zaletasunak. Gainera, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo egiten den ekimena izanik, mintzataldeak gura edo ahal duten tokian geratu daitezke. Hau da, izena ematen dutenek erabakitzen dute non eta noiz batu. Aisialdian egiteko egitasmoa izanik, “ondo pasatzeko aukera” ematen duen egitasmoa dela esan dute: “Modu ludiko eta natural batean Berbalaguneko kideek espazio berriak bilatzen dituzte berba egiteko”.
Ekintza osagarriak. Berbalagun egitasmoaren baitan, hainbat ekintza osagarri antolatzen dituzte euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko. Kirola eta naturaren ekimenak badu, esaterako, Gabonak arteko egutegia zehaztuta. Horrez gain, beste ekintza batzuek ere tokia izango dute ikasturte honetan, hala nola, sendabelarren ikastaroa, sukaldaritza edo eskulan tailerrak eta Gurasolagun ekimena. Izan ere, Gurasolagun berreskuratzeko asmoa agertu dute, gurasoek eta seme-alabek elkarrekin euskaraz berba egiteko aukera izan dezaten. Familientzako berbataldeak dira Gurasolagun. Horren bidez, gurasoen eta seme-alaben arteko euskarazko transmizioa indartzea dute helburu, bai eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu ere. Jolasak, txangoak eta tailerrak antolatu ohi dituzte familian euskaraz aritzeko.
Lehiaketak. Aurten ere, Berbalagun lehiaketak egongo dira udazkenean, neguan eta udaberrian. Horietan 16 urtetik gorako edozein herritarrek parte har dezake, Berbalagun kide izan edo ez. Lehiaketetan parte hartzeko galderak Berbalagunen aldizkarian eta sare sozialetan argitaratzen dira, eta erantzunak bide horiek erabilita eman daitezke. Bermeon, zer? udalak hilero argitaratzen duen agendaren bidez parte hartzeko aukera ere egongo da. Irabazleek Errigorako otzara jasoko dute saritzat.