Ligaren lehenengo porrotetik ikasita, bigarren jardunaldira begira
Ohorezko Mailara bueltatu da Gernika Rugby Taldea. Ligaren lehen jardunaldian 48-15 galdu du Santboianaren kontra. Asteburu honetan ere etxetik kanpo jokatuko dute basurdeek, Burgosen.
Gelditzeko datoz. Aurreko bi denboraldietan Ohorezko B Mailan jokatu ostean, Ohorezko Mailan 1. jardunaldia lehiatu zuten basurdeek atzo [urriak 3].
Erronka gogorra dute aurrean, gorengo mailari eustea. 2021-2022 denboraldiaren hasiera honetan, Unió Esportiva Santboiana izan da Gernika Rugby Taldearen lehenengo aurkaria. Talde indartsua. Iker Olaeta Gernika RTren kapitainak esan bezala, 50 minutuz eustea lortu zuten, baina talde katalanaren jokalariak erritmoa handitzean haien pare jokatzeko ez ziren gai izan: “Zelai oso gaitz batean hasi dugu denboraldia, eta lehenengo 50 minutuetan aurre egin diegu. Gero eurek beste martxa bat hartu dute, eta guk ez dugu martxa hori eduki”. 48-15 amaitu zuten atzoko neurketa: “Markagailuan dagoen aldea handia bada ere, uste dugu ez dela izan horrenbestekoa”.
Santboiana talde indartsua, bere zelaian “erresistentzia handia” daukan taldea denaren jakitun iritsi ziren Baldiri Aleuko berdegunera. Horri aurre egiteko gogotsu zelairatu ziren basurdeak, eta neurketaren lehen bost minutuak igaro orduko, markagailuan aurrea hartu zuten, Estanislao Renthel-ek aldeko zigor ostiko bat on egin ostean. Minutu gutxiren buruan, Eneko Gorostizak partiduko lehen entsegua egin zuen. Hala, hamar minututan 0-8 aurreratu zen talde gernikarra. Baina, berehala etxeko jokalariek aldea murriztu zuten. Jose Maria Vianaren entseguak eta Albert Millanen transformazioak neurketa ia berdinduta utzi zuten. Lehen ordu erdia bete zenerako, Vianaren bigarren entseguagaz aurrea hartu zuen Santboianak. Basurdeak parekotasuna mantentzeko gai izan ziren, eta gainera, Facundo Lamasen entseguagaz markagailuan berriro ere aurretik jartzea lortu zuten. Baina, atsedenaldia heltzeko minutu bakarra falta zenean, gernikarren akats bat aprobetxatuz, Francisco Jose Plodderek, neurketako hirugarren entsegua lortu zuen Santboianarentzat. 17-15 amaitu zuten lehenengo zatia.
“Lan asko eta ordainsari gutxi”. Horrela deskribatu du lehenengo zatia Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak. Haren esanetan, taldeak egindako hutsegite “handienak” lehenengo zatikoak izan ziren. Entsegua egiteko bi aukera argi sortu zituzten basurdeek.
Maidagan: “Lehenengo zatian oso ondo irten ginen zelaira. Gure akats batzuk euren mesederako izan ziren”
Gernika RTren entrenatzaileak esan du partidua irabaztera joan zirela Bartzelonara, eta hutsegite batzuk egin bazituzten ere, lehenengo zatian egindako lanaren balorazio positiboa egin du: “Lehenengo zatian oso ondo irten ginen zelaira. Aurpegia eman genuen, eta eurak estu hartu genituen. Gure akats batzuk euren mesederako izan ziren”. Bigarren zatian etxeko taldeak egindako aldaketekin hamabostekoa sendotu zuen. Oso indartsu aritu ziren: “Bigarren zatian guk baino jokalari indartsuagoekin jokatu zuen. Eurak gorantza joan ziren, eta gu apur bat beherantza. Hau ohorezko liga da, eta hemen ezin duzu behera egin, beti goian mantendu behar zara. Asko daukagu aurretik, eta aurrera egingo dugu”.
Kataluniako taldeak aurrerapausoa eman zuen bigarren zatian, Gernikako taldeak intentsitatea galtzeak Santboianak markagailuan aldea handitzea ahalbideratu zuen. Bigarren zatian etxeko taldeak bost entsegu lortu zituen. Bigarren zatia hasi eta pare bat minutura Albert Millanek egin zuen lehenengoa, eta gainontzekoak Marc Palomar, Federico Bianchini eta Gaston Alejandro Via jokalarien eta Lionel Afaese Tauli kapitainaren eskutik heldu ziren.
Bigarrena ere etxetik kanpo. Ligaren 2. jardunaldian, basurdeek Burgosen zelaia bisitatuko dute. Domekan [urriak 10] jokatuko dute 12:00etatik aurrera.
Burgoseko taldearentzat etxeko lehenengo partidua izango da asteburukoa. Lehen jardunaldian 33-20 galdu du Complutense Cisnerosen kontra.
Aurreko denboraldian Errege Koparen finalean sartu zen Burgos, eta bere zelaian oso indartsua den taldeetako bat dela azpimarratu du Maidaganek. Aurten fitxaketa asko egin ditu, eta domekakoa ere “partidu oso gogorra” izango dela argi dauka entrenatzaile gernikarrak: “Jokalari oso onak dauzka, batez ere atzeko aldean. Guk behar egin beharko dugu. Atzoko hutsegiteak konpondu, eta hemendik aurrera partiduak irabaztea da gure helburua. Burgosera partidua irabaztera joango gara. Posible dela pentsatzen dugu”.
“Hutsegiteak konpondu, eta hemendik aurrera partiduak irabaztea da gure helburua”
Gernikatik Sant Boi de Llobregat baino hurbilago dago Burgos, eta euren zaleen babesa izatea espero dute domekako partiduan: “Seguru Gernikatik jendea joango dela, errugbia ikusteko gogoz daude eta. Edozein lekutara joaten diren 100 bat zale ditugu. Afizioaren laguntza asko eskertzen dugu”.