Gernika-Lumoko Sarek 'Ispilue' proiektua hedatzen jarraituko du
2021-2022 ikasturterako erronken artean markatu ditu pandemia egoerak bultzatutako egoera kaleratzea eta salatzea eta konponbide klabean ematen ari diren urratsen babes soziala indartzea, besteak beste
Zazpigarren ikasturtea hasiko du Gernika-Lumoko Sarek bultzatutako Ispilue proiektuak. Gizartearen konpromisoa eta inplikazioa bilatzen zuen ekimen bezala aurkeztu zuen Sarek Ispilue proiektua, 2015. urtean. Lehenengo ikasturte horretan, alor ezberdinetako jendearen inplikazioa zuten helburu, aniztasuna bilatuz ezberdinen artean. Horretarako tresnak sortzea zen egitekoa, eta Ispilue 7.0 proiektuak ere presoen egoera kaleratzea eta konponbidean eman daitezkeen urratsetan ekarpenak egitea du xede. Hartara, Izan Bidea ekimenari jarraipena eman eta bertan eragitea da Gernika-Lumoko Sareren helburua.
Joan den ikasturtearen balorazioa eginda, ondorioak ere atera ditu Sarek. Besteak beste, ekimen ezberdin eta ugari egin arren, haien arteko lotura eza, sarea hedatzeko tresna eraginkorra izateko zailtasunak, eta proiektu iraunkorren falta sumatu dutela azaldu dute. Hala ere, Ispilue proiektuak kuantitatiboki eta kualitatiboki hedapen marjina baduela uste dute.
2021-2022 ikasturterako, lau lan-ardatz markatu ditu Gernika-Lumoko Sarek: Izan Bidea dinamika iraunkorra izatea, proiektu ezberdinak garatzea, ekimenak antolatzea eta elkarlanak bultzatzea. Lau lan ildo horiei jarraituta, besteak beste, azaroan zehar Izan Bidea dinamikak bultzatuko dituen ekimen deszentralizatuak bultzatu eta Gernika-Lumo eta ingurura ekarriko dituzte. Horrez gain, elkarlaneko proiektuetan lanean jarraitzeko borondatea ere agertu dute: Biztu Irratiagaz, Astragaz, Gernika Memroriaren Lekuko plataformagaz edota Etxera Traileko antolatzaileekin, esate baterako. Hori guzti hori, berezkoak dituzten proiektuak albo batera utzi barik egin nahi ditu Gernika-Lumoko Sarek. Beraz, Gernikako bonbardateraen 85. urteurrenerako ere memoria proiektua egingo dutela aurreratu dute.
Mahai-inguruak berreskuratu. Ikasturte berrirako erronka nagusia izango da, baita, pandemiagatik bertan behera utzi zituzten mahai-inguruak berreskuratzea [lehen Bake-Leku txokoarekin batera antolatzen zituztenak]. Erronkak erronka eta helburuak helburu, ikasturtean zehar aintzat hartu beharreko bi gai identifikatu ditu Gernika-Lumoko Sarek: batetik, urritik aurrera espetxe eskumenak Jaurlaritzaren esku geratuko direla eta, bestetik, gaur egungo espetxe politikaren erradiografia aintzat hartuta, gaur egungo errealitatea, eragina eta aldaketak ere kontuan izan behar dituztela eguneroko jardunean.