Eraginkortasuna eta nagusitasuna
Lointek Gernika Bizkaiak 87-71 irabazi dio IDK Euskotreni. Hasieratik amaierara nagusi izan da talde gernikarra. Irune Orio harrobiko jokalariak ligan debutatzeko aukera eduki du Malosteko derbian.
Emakumezkoen Ligaren 3. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 87-71 irabazi zion IDK Euskotreni, atzo eguerdian [urriak 3], Malosten.
Lehen laurdenetik nagusi izan zen etxeko taldea. 45-37ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira, eta hirugarren laurdenean hautsi zen neurketa. Defentsan gogor, azkar jokatzen eta saskiratzeetan asmatzen. Osagai horiekin koktel sendoa osatu zuten etxeko jokalariek.
Belen Arrojo izan zen Lointeken jokalari onena. Haren ustez, atzokoa “merezitako” garaipena da, eta “hazten segitzeko oso garrantzisua”. Hamabost errebote, sei puntu eta lau asistentzia lortu zituen derbian. Jardunaldiaren bost jokalari onenetako bat izendatu du ligak.
Taldeak behar duenean eta denean egoten den jokalaria da Arrojo, eta atzo ere bere talentuaren erakustaldia eman zuen granadarrak: “Lan ona egin dugu, lehenengo minututik kontzentratuta egon gara, eta egin beharreko lana oso argi eduki dugu, eta hori ikusi da. Uste dut taldeak aurrerapauso bat eman duela. Batez ere defentsa giltzarria izan da, eta erasoan ere gauzak berez irten zaizkigu”.
Arrojoren lana goraipatu zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak, jokalari “oso handia” dela azpimarratuz. Jokalarien lanagaz eta emaitzagaz pozik, balorazio oso positiboa egin zuen. “Partidua oso ondo kontrolatu dugu, partidu osoa egin dugu, defentsan zein erasoan. Jaurtiketetan asko asmatu dugu; erakutsi dugu hirukoak sartu barik ere ia 90 puntura heldu daitekeela. Bjorklundek min hartu duenean, taldeak pauso bat aurrera eman du, biziago eta indartsuago jokatzeko. Eta jokalari batzuek puntuak lortzeko ardura bere gain hartu dute. Lau jokalarik hamar puntutik gora egin dituzte, eta hori oso ona da taldearentzat”.
Denak bat eginda, talde-lan eredugarria egin zuten. Arrojoz gain, Itziar Ariztimuñoren lana ere nabarmentzeko da. Jokalari moduan hazi egin da Gernikan, eta bere heldutasuna erakusten ari da. Defentsan zein erasoan ekarpen handia egin zuen.
Mario Lopez: “Partidua oso ondo kontrolatu dugu; defentsan zein erasoan partidu osoa egin dugu”
Partidu “borobila” izan zela esan zuen Marta Alberdi gernikarrak: “Nahi genuen moduan irten da. Derbi bat beti izaten da oso lehiakorra. Gogor irten gara. Azken partiduetan hastea apur bat kostatu zaigu, baina gaur, indartsu atera gara”. Irune Orio harrobiko jokalariak debutatu zuen ligan, derbiko azken minutuetan jokatuta.