Bizkaiko taldekako harrizulatze txapelketan hirugarren sailkatu da Arratzuko Piratak HKT
Burdin Gazteak geratu da txapeldun, eta Kabiezes txapeldunorde.
Bizkaiko taldekako harrizulatzaile eta binakako aizkora txapelketa jokatu zituzten atzo [urriak 3], Sestaon, eta Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko kideak hirugarren sailkatu ziren.
Bizkaiko bost taldek lehiatu zuten txapelketa, eta Burdin Gazteak nagusitu zen. 11 zulo, 11zm eta 8mm lortu zituzten txapeldunek. Kabiezes geratu zen txapeldunorde, (10 zulo, 3zm eta 1mm) eta Piratak taldekoek horiek baino zulo bat gutxiago egin zuten: 9 zulo, 11 zm eta 6mm).
Bestalde, sei bikoteren artean erabaki zen Bizkaiko Binakako Aizkora Txapelketan Larrea aita-semeak izan ziren onenak. Horiek hamabost minutu eta 50 segundoko markagaz moztu zituzten zortzi enborrak. Inhar Urruzuno ondarrutarra eta Aitzol Atutxa dimarra sailkatu ziren bigarren, hamasei minutu eta hamasei segundotan lanak burututa, eta hirugarren postua Naredo-Irazabal bikotearentzat izan zen. Hamasei minutu eta 35 segundotan amaitu zuten txapelketa hirugarren sailkatuek.