Bermeoko pentsiodunak Iberdrola aurrean batu dira gaur, argindarraren tarifak salatzeko
Bat egingo dute barikuko itzalaldi eta burrunbadagaz. 22:00etatik 22:30era Taraskan batzeko deia egin dute burrunbada egiteko.
Iberdrolak Bermeon daukan bulegoaren aurrean batu dira Bermeoko pentsiodunak; gaur, asteleheneroko elkarretaratzea lekualdatu dute. Izan ere, argindarraren tarifen gorakada salatu dute.
Argindarraren eta tarifa elektrikoen prezioak “inoiz ezagutu bariko maila historikoetan” daudela salatu dute. “Igoera horiek bereziki eragiten diete diru sarrera txikiak dituzten pertsonei eta pentsiodunei. Bitartean, enpresa elektriko handien monopolioaren mozkinek gora egiten dute modu eskandalagarrian”, aipatu dute Bermeoko pentsiodunen ordezkariek. Zenbait datu ere mahaigaineratu dituzte: “2020an Iberdrolak 3.610,7 milioi eruro irabazi zituen, Endesak 1.394 milioi euro, Naturgyk 490 milioi euro eta EDPk 556 milioi euro. 2021ean, beraien aurreikuspenen arabera, lortuko dituzten irabaziak iazkoak baino handiagoak izango dira”.
Faktura elektrikoa murrizteko Espainiako Gobernuak hartu duen “neurri aringarri” bakarra BEZa %21etik %10era jaistea izan dela gogorarazi dute; eta neurri horrek 8 eta 12 euro arteko “aurrezpen txikia” baino ez duela ekarri gaineratu dute. “Hori bai, iazko uztailetik aurtengora, fakturaren igoera, batez beste, 28 eurokoa izan da”. Espainiako Gobernuak “oinarri gutxiko promesak” baino ez dituelako egiten kexu dira.
“Energiaren oligopolio horiek lortu dute elektrizitatearen ekoizpena eta merkatua erabat pribatizatzea eta kontsumitzaileei aplikatu beharreko prezioak erabakitzea. Horretarako, PP eta PSOE alderdi handien onespena izan dute, izan ere, alderdi horietako agintari asko elektrizitate enpresa handi horietan birkokatzen dituzte”, azaldu dute.
Energiaren prezioen arazoak “egiturazko neurriak” eskatzen dituela uste dute, “monopolio elektrikoa deuseztatzeko”.
Itzalaldi elektrikoagaz bat. Bermeoko pentsiodunek bat egingo dute urriaren 8rako argindarraren prezioaren etengabeko gorakadaren aurka Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian deituta dagoen itzalaldi elektriko masiboagaz eta burrunbadagaz; 22:00etatik 22:30era bitartean izango da. Etxeko balkoietan geratu gura ez duenak, Taraskan batu ahalko da pentsiodunekin, bertan batzeko geratu baitira burrunbada egiteko.