Kontzientziak eta jarrerak pizteko astea
Irailaren 23tik urriaren 3ra izan da Asteklima, eta Ean, Errigoitin eta Nabarnizen hainbat ekitaldi egin dituzte.
Energia eta klima trantsizioaren aurrean, herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea da gaur amaitzen den Asteklimaren oinarri nagusietako bat. Ean, Errigoitin, Busturiko Ekoetxea Urdaibain eta Nabarnizen hainbat ekintza egin dituzte irailaren 24tik urriaren 3ra bitartean. Klima eta Energiaren Astean hitzaldiak, irteerak, antzerki emanaldiak, tailerrak eta erakusketak egin dituzte.
Errigoitin, ura, basogintza eta klima aldaketa landu dituzte zenbait hitzalditan, eta atzo [urriak 2], berriz, plastikoen gaiari buruz hausnartzeko hitzordua eduki zuten Urian. Umeek itsasontzi eolikoak egin zituzten Nasty de Plastic taldekoen birziklatze tailerrean. Plastikozko botilak dotore apaindu ostean, puxikak eta lastotxoak erabiliz egin zituzten itsasontzi eolikoak, eta uretan sartuta ikusi zuten zelan flotatzen zuten.
Uriko plazan, berriz, merkatu txikia eta erakusketa egon ziren. Plastikoaren erabilera gutxitzeko ideiekin bete zituzten Uriko aterpe eta arbolak. Pauso txikiak ondorio handiak lelopean, hainbat gomendiogaz osatu zuten erakusketa.
Era berean, plastikorik gabeko produktuen merkatuan lau ekoizle edo talde egon ziren. Garbiketa xaboiak, kosmetika naturaleko produktuak, botilak, poltsak eta asto esneagaz egindako xaboiak eskaini zituzten azokatxoan.
Halaber, klima aldaketa arintzearen eta horretara egokitzearen garrantziaz gaztetxoak kontzientziatzea helburu duen Bertan kasu egin edo banoa antzezlana eskaini zuten atzo arratsaldean, Nabarnizko frontoian.
Enaden Begiak Fundazioaren dokumentazioa.Ā Bestalde, Ean ura, basoa eta klima aldaketa izan dituzte hizpide egunotan. Baina, gaur egungo egoera eta etorkizuneko erronkez gain, atzera begira egiteko tartea hartu dute. Euskal Herrian energia nuklearraren kontra sortu zen mugimendua errepasatzeko aukera eduki dute herritarrek asteburuan.
Memoria historikoa lantzeko proposamena bildu dute Beletxen. Energia nuklearraren kontrako aldarrikapenak, ekintzak, kartelak… Eta bestelako dokumentazio ugari ikusteko aukera egon da atzo eta gaur. Enaden Begiak Fundazioak daukan artxiboaren zati bat erakutsi dute. Argazkiak, liburuak, egunkarietako albisteak eta iritzi artikuluak, txostenak… Erakusketaren parte batean 1972tik 1984ra kontaketa kronologikoa jaso dute informazio-oholetan, eta horien parean argazkiak ere eduki dituzte. Garaiko irudien ikus-entzunezko bategaz osatu dute erakusketa. Izan ere, Enaden Begiak Fundazioak Euskadiko Filmategiagaz akordioa egin zuen garaiko bideoak digitalizatzeko.