"Uste dut lidergo falta dagoela; ez dugu sinisten gure gaitasunetan"
Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente ohiak uste du ura negozio iturri bihurtuko dutela Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan.
BUPeko presidente ohi modura, zelan ikusten duzu egungo egoera?
Uste dut lidergo falta dagoela eta ez dugula gure gaitasunetan sinisten. Utzikeria dagoela uste dut, motxila kendu eta kudeaketa urruntzea da errazena. Ura udalena den konpetentzia da, egunero behar dugu bizitzeko. Horren beharrezkoa den gauza bategaz, horrelako arinkeriaz ibiltzea… Abuztuan erabaki zen BUP BBUPera sartzea eta irailean udaletan bozkatzen dabiltza, udal teknikarien txosten barik eta herritarrei informazioa plazaratu eta galdetu barik. Gizarte zibilari lepoa emanda erabakiak hartzeko modu hau ez zait gustatzen. Prest egongo nintzateke eztabaida publiko batean parte hartzeko, edozeinegaz, argudioekin eta benetako txosten eta ezagutzetan oinarrituta.
Zer eragingo du?
Ostean datozen kapituluak zeintzuk diren badakigu, zoritxarrez. BBUPek beste pauso batzuk ematea du aurreikusita, kolaborazio publiko-pribatu baterantza doa. Gaur egun jada, plantillan multinazionalek pisu handia daukate. Fakturan ordaintzen duten %60 multinaziolen poltsikoetara doa. Laster esango digute BBUP ez dela gai inbertsioak egiteko bere tarifekin bakarrik, eta kolaborazio publiko-pribatura jo beharko du. Esango digute tarifak igo egingo direla, eta asko. Busturialdea bertoko tarifekin sartuko da, lehenengo kolpean ez delako jakinarazi gura gaur egun han dituzten tarifak. Gure karguetan gaude oinarrizkoak diren gauzak bermatzeko edo, behintzat, egon beharko ginateke.
Europak hurbilerako apustua egiten du.
Uraren Esparru Zuzentarauak adierazten du uraren eskumenak konfederazio hidrografikoen esku utzi behar direla, arroak kudeaketa unitateak direla. Pribatizazio maila desberdinak daude, BBUPek publiko-pribatuaren aldeko apustua egingo du. Enpresak eta multinazionalak ez dira GKEak, irabazi asmoak dituzte. Azpiegitura handiak egiteko interesak dituzte, energia kontsumo handiak edukitzeko… Multinazionalei BBUPen modeloa interesatzen zaie, ekonomia eskaletan funtzionatu egiten duelako. Beste kontratu mota batzuen bidez eurek egiten dituzte azpiegiturak. 500.000 milioi euro eroan dituzte azken urteetan BBUPetik, eta hori bakarrik lanetan. Ez daude arrazoizko kudeaketa eraginkor bati begira, negoziora daude. Ulertu eta onartu egiten dut partzuergo batek kudeaketa gastuak onartu egin behar dituela, baina hortik eta zonaldeko herritarrak behartzea inbertsioak egitera… Ze desberdintasun dago orduan zerbitzu publiko eta pribatu baten artean? Argi dago EAJren modeloa dela. Jose Mari Gorroño, gainera, Gernikako alkatetzara heldu zen uraren prezioagatik BUPen mahai gainean eman zuen kolpe batengatik. Orain, saldu egin du eta, gainera, ez du egia esaten. Hitzartuta dago, eta hasieran ez dituzte hango tarifak ezarriko, baina noiz arte? Gauza guztiak azaldu behar dira erabaki bat hartzeko, eta lasaitasunez.
Herritarrentzako eraginik?
Hasieran ez, gauza batzuk hitzartu dituztelako, baina zenbat urterako? Badakigu BBUPek ez dituela tarifak mantenduko, norarte igoko da uraren prezioa? Egia esan behar dute. Bertoko bulegoak mantentzea ere lortu dute, inoiz Bilbao-Bizkaiak egin ez duena. Lortu dute baita ere sartzeko komisiorik ez ordaintzea, 100 milioi euro direnean. Bertoko udalei kopuru hori eskatuz gero, gerra piztuko litzateke.
Langileekin zer gertatuko da?
BUPen integrazioa dela eta, lehen eta bigarren lerroko langileak egongo dira BBUPeko lantaldean orain. Orain arte, lehen lerroko langileek bakarrik osatzen zuten ur partzuergoaren langileria: horiek araztegiak eta ur araztegiak kudeatzen dituzte. Integrazioaren ondorioz, BBUPek aldatu egin ditu estatutuak, eta orain lehen zein bigarren lerroko langileak onartuko ditu langileria propioan. Aldaketa garrantzitsua da guretzat, askotan eskatu dugulako; lorpen txiki bat. Halere, langile horiek urtebetez egongo dira lantaldean, gero azterketa bat egin beharko dute. Gainditzen dutenak geratuko dira, eta besteak? Langileen egoera ere larria izan da BUPen, Iñaki Gorroñok alde batera utzi ditu. Ni egon nintzenetik ez dira gaixoaldiak ordezkatu eta langileek gero eta lan karga handiagoa izan dute. Izan ere, instalazio berriak martxan jarri dira, eta langile askok lan orduak gehitu dituzte. Hori askoz lan talde handiagoagaz egin beharko litzateke. Dirua egon da, ze oraindik 400.000 euro daude, eta 800.000 inbertsioetarako, ez direnak inbertitu oraindik. Zergatik ez dira beste hamar pertsona kontratatu? Ez dakigu. Langileen aurrean Iñaki Gorroñok ez du azalpenik eman, eta hartu beharreko erabakiak ez ditu hartu.
BUPek milioi erdiko gastua egiten zuen eskualdean, orain zer?
BUPek 600.000 euro uzten zituen eskualdean, tokiko ekonomia bultzatuz; eskualdeko enpresa txikiek diru iturri hori galduko dute. BBUPen hornitzaileak saltoki handiak dira.
Integrazioaz aparteko aukerarik badago BUPen lana eskualdean garatzeko?
Ez dut esango BUPek ederto funtzionatzen duenik, gauza asko dituelako hobetzeko. Baina hobetu ditzake. Horretarako, baina, desira behar da. Gaur gaurkoz egia da BUPek ez duela Europak agindutakoa betetzen. Europak dio ura kudeatzerakoan ez dela hodietako ura bakarrik kudeatu behar, harroa bera kudeatu behar dela. Eta hori ez du betetzen, baina bete dezake. Bere momentuan, energia berriztagarriak gure azpiegituretan ezartzea proposatu genuen, eta Gorroñotarrek babestu zuten proposamena. EAJk atzera bota zuen, eta ez zen landu. Proiektu horrek babes gehiago izango balu, instalazio txikiak eraiki eta bertoko ura eta energia BUPek kontrolatuko lituzke. Oinarrizkoa da beharrezkoak diren zerbitzuak zerbitzu publiko batek eskaintzea. Eta bertotik eskaini ahal izatea. EAJk, baina, kanpora begira egiten du dena, eta gero eta oztopo gehiago ditugu berton bizitzeko. Eskualdeko populazioaren %70 eskualdetik irten behar da lanera. Ze enplegu politika dago eskualde honetan? Eskualdea abandonatuta dago, eta hori ez da kasualitate bat.