"Gazteei gizartearen oinarri batzuk zalantzan jartzea da asmoa"
'Uzta garaia' eleberria kaleratu du asteon idazle mundakarrak Elkar argitaletxeagaz, bere hamaikagarren liburuada eta gazteei zuzendutako bigarrena. Hiru liburuz osatutako saila egingo du.
Zer moduz ikusten duzu zure burua gazteentzako idazten?
Ondo eta eroso. Pertsonaiek eurek eta Iraultzak, batez ere, euren izaeragaz istorioari ematen dioten tonu arina bat dator nire estiloagaz: puntu ironikoa, umore beltz edo garratz apur bat gauza gordinak azaltzeko… Oso gustura egin dut. Gazte literatu izanik ere, saiatu naiz literatura bera zaintzen. Liburu zaindua da, helduentzako moduko maila literarioan eta hizkeran idatzita dago, baina, aldi berean, beste gauza batzuk ditu beste erregistro batean. Batez ere, pertsonaien izaerak ematen diote gaztetasuna.
Ze adineko gazteei zuzenduta dago?
Protagonistak 14 urtekoak dira, hortaz, DBHko ikaslentzat ondo legoke.
Sail labur bateko lehenengo eleberria da.
Bai, eta bigarrena ere badaukat idatzita. Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editoreak irakurri du, eta gustatu zaio; seguruenik datorren urteko udaberrirako egongo da. Hirugarrena, seguruenik datorren urtean hasiko naiz idazten. Horrelakoak oso azkar idazten ditut. Uzta garaia iaz idatzi nuen, urtarril-otsail aldera hasita neukan, gero konfinamenduagaz, maiatzerako amaituta eduki nuen. Bigarrena antzera joan da, urtarril-otsail aldera hasi nintzen eta udaberria hasi aurretik amaituta neukan, eta datorren urtean antzera izango delakoan nago. Pertsonaiekin batera, hiru istorioak apur bat pentsatuta eduki nituen. Hiru liburuetan pertsonaia nagusiak berdinak izango dira, Iraultza eta Zigor neba-arrebak, euren gurasoak… nahiz eta gero beti dauden pertsonaia berriak.
Nire literatura guztia proiektu zabal bat da, unibertso literario bat osatzen dut apurka-apurka.
Ze kontatzen du Uzta garaiak?
Istorioa zein urtetan kokatzen den ez dut aipatzen, normaltasun zaharrean. Uda amaiera da, ikasturte hasiera. Iraultza eta Zigor asmatutako herri batean bizi dira, Ondarraten. Aspaldian asmatu nuen izena, eta gero Inoren Munduan liburuko mapan agertzen da. Fantasiazko mundu horretako herria berreskuratu dut istorio honetarako. Kostaldeko herria da, Urdaibain kokatuta. Ikasturte hasieran, klasean, leihotik begira dago Iraultza, inoiz ez dagoelako adi. Baso bat dago, eta hango soilgune batean edukiontzi batzuk ikusten ditu. Bere lagunik onenak esaten dio han daudenak sasoikako langileak direla. Izan ere, urte batzuk arinago herrira iritsi zen enpresa bat, enpresaburuek badaezpadako moduekin lortu zuten udalak euren eskuetan uztea herri lurrak ziren batzuk, mahastiak jarri eta txakolina egiteko. Sasoikako langile horiek, hortaz, mahats bilketan ari dira lanean. Iraultza beti dago jakinminez eta bere neba Zigorrekin hara joan eta Baazima ezagutzen dute hango kanpalekuan. Lagun egiten dira eta Iraultza bere buruari eta gurasoei galdera deserosoak egiten hasten da. Amaren liburuen artean desjabetuei buruzko informazioa aurkitu eta, hortaz, jabetza pribatuari buruz galdezka hasiko da. Bitartean, hobeto ezagutuko du Baazima eta haren atzean dagoen istorio gordina. Konturatuko da Baazimak ez dakiela benetan zenbat urte dituen ezta non jaio den ere, errefuxiatuen kanpalekuetatik ibili izan da toki batetik bestera. Esklabuen artean ere zapalduta eta are zapalduagoak daudenak badaudela konturatuko da, eta kanpaleku horretan zapalduena Baazima da; sexu esklabutzat dute. Inozentzia galtzen doaz protagonistak. Horren guztiaren aurrean gazteak matxinatzen hasiko dira, baina gainetik dauzkatenak indartsuak eta boteretsuak dira. Eurak, berriz, ume moko bi.
Zelan bururatu zitzaizun istorioa?
2019an kaleratu nuen Inoren mundua eleberria, gazteentzako lehenengoa, berez helduentzako liburua izateko hasi nuena. 90eko hamarkadan hasi nintzen idazten, euskarazko nire bigarren liburua zen. Aparkatuta eta ahaztuta geratu zen. Momentu batean, berreskuratzea pentsatu nuen eta helduentzako barik, egokitu eta gazte literaturara moldatzea erabaki nuen. Nire eleberri anarkofeminista da. Durangoko Azokan egon nintzen, eta eskolen eguna zen. Barrutik ikusi nuen gazteek zelan bizi duten literatuta. Jon Andueza idazlea ezagutu nuen han, eta gazte literaturan gehiago pentsatzen hasi nintzen. Nire literatura guztia proiektu zabal bat da, unibertso literario bat osatzen dut apurka-apurka. Piezak bere tokira doaz eta mapa bat osatzen dute, geroko eleberri batzuk dagoeneko idatzita daude. Margolan horretako pieza batzuk nerabeentzat izan zitezkeela pentsatu nuen, beti ere, nire unibertso literariotik atera barik. Gutxi-gutxika zabaldu gura dudan mezu horretarako hiru pieza hauek etorri zitzaizkidan burura, oso funtsezkoak direnak zenbait kontzeptu ikutzeko. Honetan, batez ere, jabetza pribatua eta gure ekonomiaren oinarriak ikutzen ditut. Besteetan, garrantzitsuak diren gure sistemaren beste hanka batzuk ikutuko ditut. Gazteei gure gizartearen oinarri batzuk mahai gainean ipini eta zalantzan jartzea da asmoa. Askotan zalantzan ipintzen ez ditugun gauzak dira. Mundua eginda hartu dugu, eta ematen du gauza batzuk naturalak eta eztabaidaezinak direla, baina eztabaidatu eta zalantzan jarri daitezke, esaterako, jabetza pribatua. Beti saiatzen naiz liburu bakoitza berez ulertu ahal izatea beste guztiak irakurri barik, baina, aldi berean, besteak irakurriz gero, irakurleak paisaia zabalagoa ikusiko du, eta bakoitza bere tokian kokatuko du.
Laster Txalapartagaz hasiko naiz helduentzako trilogia bateko lehenengo liburua editatzen, bigarrena ere idatzita daukat.
Estilo arina erabili duzula esan duzu, beharrezkoa al da gazteentzat aipatu estiloa erabiltzea?
Ziurrenik gaur egungo gazteentzako beharrezkoa izango da. Baina berez atera zitzaidan, Iraultzaren izaerak berez eroan ninduen. Iraultza oso saltseroa, bizia eta dinamikoa da. Hirugarren pertsonan kontatuta dago istorioa, hein handi batean Iraultzaren ikuspegitik kontatuta dago. Hortaz, oso naturala zen Iraultzaren atzetik joatea, eta haren abiaduran.
Zer daukazu esku artean?
Laster Txalapartagaz hasiko naiz helduentzako trilogia bateko lehenengo liburua editatzen, bigarrena ere idatzita daukat. Ziurrenik, datorren urtean argitaratuko da Esan gabe doa izenburua daukan aipatu trilogiaren lehenengo liburua. Gure gizartean errail biko errepidea dago; bata, berez goazen noranzkoan eroaten gaituen errepidea da, hau da, sistemarena. Errepide horrek eroango gaitu nire distopietako mundu horietara. Baina badago aukera beste erraila hartzeko eta beste noranzko batean joateko. Trilogia honek beste errail hori hartuko du. Bata distopikoa bada, bestea eutopikoa izango da, itxaropentsuagoa. Bi aukera horiek aurrez aurre jarri gura ditut, eta nora joan gaitezen ikusi, ea aukeratzeko garaiz bagabiltza.