Bermeoko Turismo Bulegoak 17.587 bisitari hartu ditu udan
Herriko ostatuek eta hotelek okupazio maila "altua" eduki dutela esan du Kepa Zumeta turismo zinegotziak, zenbait astetan %100era iritsiz.
Bermeoko Udalak udako turismo datuak eman ditu. Jakitera eman dutenez, ekainaren 1etik irailaren 27ra Bermeoko Turismo Bulegoak 17.587 bisitari hartu ditu.
Udako datuekin “pozik” daudela esan du Bermeoko Turismo zinegotzi Kepa Zumetak: “Pixkanaka pandemiaren aurreko datuetara itzultzen ari gara”. Datuek, gainera, herriko ekonomian eragin zuzena eduki dutela aipatu du; izan ere, herriko ostatu eta hotelen okupazioa maila “altua” izan da. Uztail eta abuztuko bataz bestekoa %80koa izan bada ere, zenbait astetan %100ean beteta egon direla zehaztu du.
Abuztua izan da hilabeterik jendetsuena, 8.329 bisitari hartu zituen Turismo Bulegoak. Uztailean, berriz, 5.136 pertsona. Bisitarien gehiengoa Espainiako estatu mailakoak izan direla azaldu du: Kataluniatik %19,57, Madrildik %16, 74, Valentziatik %11,44 eta Andaluziatik %9,73. Atzerritarrak %7 eta %9 inguru izan dira, frantziarren kopurua eman dute, %4,97 ian dira.
“Uste genuena baino emaitza hobeak egon dira. Turismo bulegoan, esaterako, binaka hartu behar izan dituzte bisitariak, eta kalean ilarak sortu dira. Hala eta guztiz ere, jendea sartzera animatu da”, adierazi du Zumetak.
Eskaintza bateratua. Gunerik bisitatuena Gaztelugatxeko San Juan izan dela aipatu du. Gogorarazi du baseliza ezin dela bisitatu, baina ibilbide zirkularra egiteko aukera eduki dutela bisitariek. Gainera, Bilboko Guggenheim museoaren ostean gehien bisitatzen den gunea ere badela aipatu du. Zumetak esan duenez, turismo bulegotik Gaztelugatxe itsasontziz bisitatatzeko proposamena egin diete bisitariei, “eta oso arrakastatsua izan da”.
Bisitariek, bestalde, turismo aktiboko enpresek eskaintzen dituzten aktibitateetan parte hartu dute: “Itsasoagaz lotutako enpresek oso ondo lan egin dute, zer hobetu dagoen arren. Bisita gidatuen enpresek udaberrian jende gehiago izan zuten. Hurrengo urterako kontuan izango ditugu aurtengo datuak”.
Bermeo Bizi ekimenaren baitan ere bisitariek eskaintza zabala eduki dute aukeran uda honetan: Bermeo Tuna Tasting, Hegaluzeren Itsasoratzen Gara, Arrantzaleen Museoko Akuri eta Elkano erakusketa, Itsas Bataioa, Bermeo Tuna Pintxo Tour, Urdailifen eskutik bisita gidatuak eta Topa Bermeo herria ezagutzeko ihesgela.
Aurten, eskualdeko eskaintza bateratua ere eskaini dute, eta “ezinbestekoa” dela deritzo Zumetak: “Udalak uste du ezinbestekoa dela Urdaibaiko eskaintza turistikoa bultzatzeko apustu bateratua egitea”.
Pandemiaren eraginez, turismoa oraindik ere sektore kaltetuenetarikoa dela uste badu ere, “errekuperazio prozesuan dagoela eta”, etorkizunari “baikortasunez” begiratzen diotela esan du Zumetak.