Inma Ruizek Espainiako bi marka hautsi ditu bere kategorian
F60 (60-64 urte bitartekoak) kategorian, pista estaliko 800 m eta 1.500 m-ko lasterketetan lortu ditu errekorrak atleta gernikarrak.
Italiako Ancona hirian lehiatutako EMAF (European Masters Athletics Festival for Silver Age) txapelketatik pista estaliko bi errekor berrigaz bueltatu da Inma Ruiz gernikarra.
11 herrialdetako selekzioen atletak bildu ditu 60 urtetik gorakoen europar txapelketak, eta barikuan eta zapatuan [irailak 24 eta 25] lehiatu zituzten probak. Taldekako edo kluben arteko txapelketetan modura, atleta bakoitzak hainbat proba puntuagarri egin ditu, eta denen emaitzak batuta osatu dituzte sailkapen nagusiak.
Ruizek bere kategoriako (60-64 urte) pista estaliko 800 m eta 1.500 m-ko lasterketetan ezarri ditu markak. “Bi lasterketak irabazi nituen, eta bigarrenari 800 m-koan hamar segundoko eta 1.500 m-koan hamahiru segundoko aldea atera nion. Baina, bera 65-69 urte bitarteko multzokoa denez, ezarrita zegoen baremoagatik, bera izan zen irabazlea, denboraz gain, adina ere kontuan hartzen baitzen puntuak banatzeko”, azaldu du Ruizek. 800 m-koan 2.42.77 marka ezarri du eta 1.500 m-koan, 5.28.15ekoa. “Horrez gain, taldean munduko bi errekor eta Europako beste bi gainditu ditugu”, gaineratu du.
Espainiar selekzioaren emakumezkoen taldea bigarren sailkatu da, alemaniarren atzetik. 8.377 puntu lortu ditu Alemaniak, 7.694 puntu Espainiak eta 6.537 Frantziak. Gizonezkoetan, ostera, lehenenego sailkatu dira espainiarrak, 7.987 puntugaz, bigarren alemaniarrak 7.121 puntugaz eta hirugarren italiarrak 6.967 puntugaz.
Ruizek lehenengoz parte hartu du, eta taldeak lortutako emaitzekin “oso pozik” daudela eta “esperientzia oso polita” izan dela azpimarratu du: “Olinpiar jokoan antzekoak izan dira guretzat. Ikaragarria izan da, giro oso ona eduki dugu, elkarbizitza oso ona izan da, senidetasun harremana eduki dugu taldeen artean. Gainera, probak eduki ez genituen egunetan ingurua ezagutzeko bisitak egin genituen”.