Energiaren eta Klimaren astea
Asteklimaren barruan, Ean, Errigoitin, Ekoetxea Urdaibain eta Nabarnizen askotariko ekintzak egingo dituzte aste honetan. Helburu nagusia nahitaezko energia- eta klima-trantsizioaren aurrean, herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea da.
Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astea da honakoa (irailaren 24tik urriaren 3ra). Asteklimaren helburu nagusia da nahitaezko energia- eta klima-trantsizioaren aurrean, herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea.
Erakusketak, tailerrak, antzerkia, zinema, haur-jolasak, ipuinak, bizikleta-ibilaldiak, hitzaldiak, bisita gidatuak, lehiaketak… Askotariko hamaika jarduera antolatu dituzte egunotarako, eta www.asteklima.eus webgunean kontsulta daitezke.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatuta Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta Energiaren Euskal Erakundearen bidez, udalek, toki-erakundeek, elkarteek eta sektore pribatuek parte hartzen dute.
Adibidez, Nabarnizko Udalak urtero bat egin du ekimenagaz. Lehen urtean, 2019an, baso aukerak eta ortugintza ekologikoari buruzko solasaldiak antolatu zituen. Iaz, ostera, pandemiagatik aurreikusitako ekitaldiak bertan behera utzi behar izan zituzten.
Aurten, Asteklimaren hasierarako eta amaierarako prestatu dituzte ekitaldiak Nabarnizen zein Errigoitin.
Klima aldaketa ur-lurraldearen ikuspegitik: leihoak zabaltzen hitzaldia eman zuen Iñaki Antiguedad geologian doktore eta hidrogeologian katedradunak barikuan, Errigoitin, eta 20 bat pertsona elkartu ziren.
Zapatuan, berriz, Ibilaldia Nabarnizko basoetan zehar izenburupean, 5,5 km-ko ibilbidea egin zuten 30 pertsonak, Lurgaia Fundazioaren tenikari baten azalpenak entzunez. Insignis pinua, nigra pinua, eukaliptoak, lizarrak, urkiak, gaztainondoak, haritzak eta pagoak zeuden inguruetan egin zituzten geldialdiak, eta besteak beste, espezie bakoitzak ingurumenean daukan eragina eta klima aldaketak espezie horiei zelan eragingo liekeen azaldu zien adituak.
“Gaur egun ingurumenak daukan garrantziaz eta ingurumen arazoei buruz jendea kontzientziatzea eta informazioa elkarbanatzea garrantzitsua dela uste dugu”, dio Bernardo Goiriena Nabarnizeko alkateordeak. Hain zuzen, zapatu honetako Bertan kasu egin edo banoa antzerkiaren (Trokolo Teatroa) helburua da klima-aldaketa arintzearen eta horretara egokitzearen garrantziaz gaztetxoak kontzientziatzea.
Errigoitiko Uria auzoko plazan goiz osorako plana egin dute zapaturako. Plastikoaren erabilera murrizteko eta birziklatzeko bidean, euren “hondar-alea jartzeko” aukerak ezagutuko dituzte. Horretarako, hitzaldia, tailerrak eta merkatu txikia egingo dituzte. Herrian basogintzari buruzko hitzaldiak eta birziklatzeko tailerrak egin izan dituzte, eta oraingoan, Asteklimaren barruan, hainbat gai lantzen ari dira.
Itsasontzi eolikoa sortzeko tailerra egingo dute, jolasen bidez, “beste energia mota batzuk lantzeko modu bat” dela zehaztu du Aintzane Arrien Errigoitiko alkateak. Horrez gain, plastikorik gabeko produktuak eskaintzen dituzten lau ekoizle egongo dira merkatu txikian. Garbiketa xaboiak pisura egiten dituztenak, kosmetika naturaleko produktuak eskaintzen dituztenak eta asto esneagaz egindako xaboiak egiten dituen herriko ekoizle bat batuko dira.
Ean, berriz, kooperatiba bat sortzeko bidean daude, eta biharko bileran herritarrei informazioa emango diete, eta interesa daukatenek bazkidetzeko aukera edukiko dute.
Bestalde, zapaturako Ricardo Gamaza kazetari eta ikertzaile sevillarra gonbidatu dute. Ekologian aditua eta ekokazetaritzan espezializatua da. “Gai honetan konprometitua, ikertzaile eta kazetari moduan lan dezente egin du ingurumen gaietan. Asteklimaren oinarrietako bat herritarren ekimenak dira, eta herritarren intereseko gaiak eta eurek egin ditzaketen gauzak lantzen saiatu gara”, azaldu du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Bi lansaio egingo dituzte Gamagaz; aldaketa klimatikoaz ariko dira, ze herri-ekimen gauzatu ahal diren, ura aurrezteko eta aldaketa klimatikoaren aurrean gure egunerokotasunetik herritarraok ze egin ahal dugun azalduko du.
Bestalde, nuklearren kontrako mugimenduari begirada proposatzen dute. Orduko argazki, kartel eta gainontzeko dokumentazioaren erakusketa ikusgai egongo da asteburuan Beletxen.”Gure memoria kolektiboaren parte da. Hura ere herri ekimen bat izan zen. Hemen, euskal kostaldean, gainera, 70eko hamarkadan sekulako oihartzuna eta kalean babes soziala duki zuen”.
Domekan Ullako ur-hartunera hurreratuko dira. Ea eta Bedarona handik hornitzen dira: “Edaten dugun ura nondik datorren ezagutzeko zein gure ingurua ezagutzeko bisita izango da. Ingurua zenbat eta gehiago ezagutu, gehiago maitatzen, errespetatzen eta zaintzen dugu”.
Gainera, udalak inguru horretan 7 hektarea-baso eskuratu ditu, eta herritarrek aurten sortu duten Basokideak taldekoek bertoko landare espezieak landatuko dituzte auzolanean bertan: “Lehengoratzeko dagoen eremua da. Momentuz basoa botata dago, baina irudikatu genezake etorkizunean paisaia horrek zelako bilakaera eduki dezakeen”.
Biomasa
Garbiñe Saenz de Buruaga Ispaterko alkateak azaldu du Energiaren Euskal Erakundetik gonbidapena jaso zutela euren biomasa energiaren instalazioetara bisita egiteko.
Biomasa sistema hazten joan da, eta haren energia hornikuntza gero eta gehiago izatea lortu dute. Eraztun horretan daude eraikin publikoak, eta iaz, etxebizitza bloke bat konektatu zen sarera, eta etxebizitza horientzat ere ur beroaren hornikuntza daukate. Horretarako potentzia handiagoko beste galdara bat erosi zuten, eta momentu honetan bi galdara dituzte.
“Aurrekontuetan inbertsioetarako partida bat beti bideratzen dugu eraginkortasun energetikora. Pauso txikiak badira ere, horiek ematea garrantzitsua dela ikusten dugu, horretan aurrera joatea. Udala eredu izan behar zela argi eduki dugu beti, eta gero herritarrak gure sarera lotu ahal izatea. Hori lortu dugu. Horretaz gain, zapatuko hitzaldian azalduko da beste proiektu europar batean sartuta gaudela, eta Agarretxeko etxebizitza blokea sarera gehitzea aurreikusten da bertan”, zehaztu du alkateak.
Gehienez 25 pertsonak parte hartu ahalko dute zapatuko bisita gidatuan. Horretarako, udalaren webgunean (www.ispasrter.net) dago lotura, eta baita karteletan dagoen QR kodean ere.
Bestalde, ingurumen-hezkuntzako zentroen Ekoetxea sareak programazio berezia diseinatu du sarea osatzen duten lau zentroetan (Urdaibai, Meatzaldea-Peñas Negras, Azpeitia eta Txingudi). Busturiko Ekoetxea Urdaibain, klima aldaketari buruzko ihes-jokoa egiteko aukera dago aste osoan zehar, eta tailerrak ere egiten ari dira. Esaterako, zapatuko sormen tailerrean Japoniako irakurketa, idazketa eta plastika teknikak erabiliz (Kamishibaia) klima aldaketari buruzko hausnarketa egin eta klima aldaketaren aurrean zer egin dezaketen ikasiko dute parte hartzaileek.
Ekoetxea Urdaibaiko ekintzak doakoak badira ere, parte hartzeko izena eman behar da info.urdaibai@ekoetxea.eus-era idatzita edo 94-687 04 02 telefono zenbakira deituta.
Ekitaldiak, herriz herri:
BUSTURIA (EKOETXEA URDAIBAI)
- Aste osoan. TerminUs. Erronka klimatikoari aurre egiteari buruzko ihes-jokoa, 12 urtetik gorakoentzat. Gaur eta bihar 17:00tik 18:30ra, barikuan 11:00tik 12:30ra, eta zapatuan 12:15tik 13:45ra
- Zapatua (urriak 2), 17:30. KAMISHIBAI. Maiterki eta
klima aldaketa sormen tailerra, 5-11 urte bitarteko ume eta gurasoentzat, Ekoetxea Urdaibain. - Domeka (urriak 3), 11:00-11:45 eta 12:15-13:00. Aldaketak
tailerra 3-6 urte bitartekoentzat, Ekoetxea Urdaibain
EA
- Eguena (irailak 30 ), 18:30. Eako energia komunitatearen
eraketarako bilera, Eskolondon (Enaden Begiak). - Zapatua (urriak 2), 10:00-11:00. Ura eta Klima aldaketa tailerra, Ricardo Gamazarekin, Eskolondon.
11:30-13:00. Herritarren ekimenak klima aldaketaren aurrean hitzaldia Ricardo Gamazarekin, Eskolondon.
17:00-19:00. Euskal kosta ez nuklearraren aldeko herri
mugimenduaren erakusketa, Beletxen (Enaden Begiak). - Domeka (urriak 3), 10:00. Eako plazatik irtenda, Ullako ur
hartunera irteera (ura eta basoa).
11:30-13:30. Euskal kosta ez nuklearraren aldeko herri
mugimenduaren erakusketa, Beletxen (Enaden Begiak).
ERRIGOITI
- Eguena (irailak 30 ), 19:00-21:00. Basogintza eta klima aldaketa. Zer egin daiteke? hitzaldia, Keko Alonso biologo eta Kolore Guztietako Basoak elkarteko kideagaz, Olabarriko Eskoletan.
- Zapatua (urriak 2), 11:00. Zergatik eta zelan gutxitu plastikoak? hitzaldia, Joserra Otegi Ekologistak Martxan-eko kideagaz, Urian. 12:00. Arima Cool Tour-ekoekin, plastikoaren erabilera gutxitzeko ideien erakusketa, ume eta gaztetxoentzat birziklatze tailerra eta plastikorik gabeko produktuen merkatua, Uria auzoko plazan.
ISPASTER
- Zapatua (urriak 2), 10:30. District Heating eta biomasa-energia ezagutzeko bisita, plazan (izena eman behar da).
NABARNIZ
- Zapatua (urriak 2), 19:00. Bertan kasu egin, edo banoa antzerkia, frontoian.