Ligaren lehenengo partiduak utzitako irakaspenak
Lointek Gernika Bizkaiak etxeko zaleen aurrean hasi du liga. Motorra %100 egoteko asko falta zaio taldeari, baina lehenengo garaipena lortzeko gai izan da.
Marea granateari garaipena eskainiz hasi du liga Lointek Gernika Bizkaiak. Spar Gran Canaria izan da 2021-2022 denboraldiaren lehenengo aurkaria, eta hamar puntuko aldeagaz (71-61) mendean hartu du talde gernikarrak.
%75eko edukiera bete zuten zapatuko partiduan. Zaleak euren etxera bueltatzeko gogoz zeuden, eta Itziar Ariztimuño Lointeken jokalariak gogoratu bezala, eurak ere zaleen aurrean “jokatzeko gogoz” zeuden: Plazarrera eta gozamena izan da”. Mario Lopez entrenatzaile gernikarra ere harmailetan euren babesa edukitzeagatik eskertuta dago: “Babesa igarri dugu. Momenturik txarrenean, eurak zortzi-hamar bat puntu errekuperatu dituztenean, zaleen gogoak eta kemenak aurrera jarraitzen eta irabazten lagundu digu. Espero dugu denboraldi osoan eurak Malosten egotea”.
Partiduan nagusitu bai, baina markagailuak adierazten duen nagusitasun barik. Lointeken entrenatzailearen hitzetan, zapatuko partiduaren “gauza positibo bakarra garaipena bera da”. Kontzentrazio falta aipatu zuen: “Zalantza, arazo eta gabezia horiekin Emakumezkoen Ligan lehiatzea oso zaila da”.
Hasi besterik ez dira egin, eta normala izaten den moduan, motorra, taldea %100 egoteko lan asko egin beharra daukate. Erritmoa falta izan zitzaion partiduari.
Silva, Bjorklund, Arrojo, Ginzo eta Moore jokalariekin kantxaratu zen etxeko taldea, eta Ginzoren eskutik heldu zen 2-0ekoa. Motel, hotz hasi zuten neurketa, bi taldeetan zalantzakaz. Lopezek Buch eta Ariztimuño sartzea erabaki zuen. Talde kanariarrak aurrea hartzean (8-11) hutsartea eskatu zuen Lopezek. Ariztimuñoren saskiratzeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 16-14.
Hurrengo minutuetan, markagailuko aldeari eusteko gai izan zen talde granatea. Puntuak pilatu bai, baina jarraikortasun eta jariakortasun falta nabaria zen. Zortzi-hamar puntuko abantaila “mantendu ezinik” egon zen Lointek. “Halako errenta lortu eta segituan hutsegiteak egin ditugu”, esan zuen Lopezek. Esaterako, 27-19ko markagailuagaz zeudela, lau bat minututan trabatuta egon ziren. Sei puntuko abantailagaz amaitu zuten lehenengo zatia (35-29), eta kantxara bueltatzean, aurreko minutuetako arazoei irtenbidea emateko zeregina eduki zuten etxekoek. Moore bilatzen aritu ziren, eta Gran Canariaren Caldwellek bere taldea partiduan sartuta mantentzearen ardura beregain hartu zuen. Hain zuzen, haren hirukoagaz amaitu zuten hirugarren laurdena (49-46). Emozioa eta tentsioa. Osagai horiekin osatu zituzten partiduaren azken minutuak. Kanariar taldeko Mestdagh eta Hartmann jokalarien hirukoek bi puntuko aldea (57-55) ipini zuten markagailuan, baina errenta apur bat handituta azken segundora arte bizirik mantendu zen Lointek.
Ariztimuñoren ustez, ligako partidu denak “borrokatuak eta oso lehiakorrak” izango dira, eta “azken momentuan erabakiko” dira: “Partidu gogorra, bizia izan da, eta borrokatua. Jokalari batzuk kalitate handikoak dira, eta horrek min handia egin digu. Uste dut, detaileengatik eta partidua aurrera eroaten jakin dugulako irabazi dugula”.
Entrenamenduetan lantzen ari direnagaz bilatzen duten jokoa egiteko eta aurkaria geldiarazteko landutakoa egiteko “ez zirela gai izan” nabarmendu zuen Lopezek. “Arazo asko eduki ditugu defendatzeko, hiru bat minutu baino gehiago jarraian defentsan sendo izateko gai ez gara izan, eta erasoan ere berdin; ez gara bertikal aritu, eta hiruzpalau eraso jarraian egiteko gai ez gara izan. Erasoan eta defentsan zalantzak erakutsi ditugu, eta jokaldi onen jarraikortasun bat mantentzeko gai ez gara izan”.