Bermeoko Udalak BUP Bilbao Bizkaia Ur Partzuergora integratzea onartu du
Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotzien aldeko botoak jaso ditu proposamenak barikuko osoko bilkuran; EH Bilduk eta Guzanek, berriz, aurka bozkatu dute.
Busturialdeko Ur Partzuergoak (BUP) hasieraz onartu zuen abuztuan Bilbao Bizkaia Ur Partzuergora (BBUP) integratzea. Proposamena, baina, Busturialdeko udalek berretsi behar dute. Hala, Bermeoko Udalak proposamena onartu zuen joan den barikuko osoko bilkuran Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aldeko botoekin. EH Bildu eta Guzaneko zinegotziek proposamenaren aurka bozkatu zuten.
Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, arrazoi asko eta sendoak daude Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeko: «Bizkaitar guztiok kalitatezko ur bera eta prezio lehiakor berean kontsumitzeko aukera edukitzea, tarifetan gorakadarik ez izatea edota eskariari erantzuteko gure ibaiak ez hustea».
Urdaibaiko saneamendu integraleko plana martxan jartzean aldaketak etorri direla esan du Abaroak: «2021eko uztailaren 1ean jarri zen martxan Gernika-Busturiko saneamendu kolektorea. Zalantzarik gabe, onura handiak ekarriko ditu itsasadarrean, baina, aldi berean, areagotu egingo dira kudeaketaren konplexutasuna eta kudeaketa eta ustiapen gastuak. Urdaibaiko saneamendu plan integrala martxan jartze hutsagatik tarifak %20-%25 igo beharko lirateke 2022an».
Baliabide hidrikoak urriak diren garaian, Busturialdea defizitarioa dela eta ezin direla ibaiak hustu aipatu du. Azpiegitura mantentzeko «baliabide ekonomiko nahikorik» ez dagoela ere esan du, eta Bermeoren hainbat berezitasun aipatu ditu: «Bereziki Alde Zaharreko sareak urte asko ditu eta kresalak sarearen egoeran zuzeneko eragina dauka. Kontserba lantegiek sortzen dituzten ur hondakinen gaia landu behar da. Gure betiko enpresa hauek baliabideak behar dituzte isurketen araudietara egokitu ahal izateko eta berton lanean jarraitu ahal izateko. Gaur gaurkoz, BUPak ez dauka gaitasun tekniko ezta ekonomikorik hori gauzatzeko eta ondorioz, enpresa hauen etorkizuna kolokan egon daiteke».
Aipatu du baita ere URAren kanon berriagatik BUPek urtean 400.000 euro ordaindu beharko lituzkeela eta horri aurre egiteko tarifak %15 igo beharko liratekeela: «Onartezina da».
Akordio «ona» lortu dela dio, eta herritarrek ez dutela aldaketarik nabarituko. Bertoko bulegoek jarraituko dute zerbitzua ematen eta langileak subrogatu egingo dira «lan baldintzak hobetuta». Esan du batzarrera agertu ziren 38 langileetatik 37k baiezko botoa eman zutela eta bestea abstenitu egin zela.
Gainera, zerbitzu homogeneoak ematen dituzten erakundeen arteko sinergiak sortuko direla eta eskualdeko jarduera ekonomikoei uraren faktura murriztuko dietela aipatu du: «Bizkaiko gainerako eskualdeetan dauden ur tasak baino %50 handiagoak dira Busturialdean, eta horrek eragina dauka produktuaren azken prezioan».
Horiek kontuan hartuta, irtenbiderik onena BBUPen integratzea dela uste du Abaroak: «Gaur egungo hornikuntza eta saneamendu tasak hirukoiztuko bagenitu ere, ez ginateke sekula ere iritsiko Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gaur egun daukan profesionalen sarea, baliabideak eta eskarmentua izatera. Ura oinarrizko beharrizana da, eta ezin ditugu herritarrak eztabaida ideologikoetan nahastu: gainontzeko bizkaitarrek daukaten zerbitzu eta hornidura gura ditugu gure herrietan ere».
Ura «hurre» kudeatu. Erabakiaren aurka agertu dira EH Bildu eta Guzan. Erabaki gunea Bilbora eroaten ari direla salatu dute. Guzanen arabera, Bilboko Udala izango da Bermeo eta Busturialdeko uraren kontrola izango duena, «hiriak duen biztanleriagatik bera baita Bizkai osotik partzuergo honetan boto ordezkari gehien dituena». Gardentasunerako «atzerapausoa» da EH Bilduren ustez.
Europako Batzordetik zein Espainiako Gobernutik datozen aginduak aipatu dituzte. Udalek beren inguruko ura erabili dezaten estutzen dabiltzala adierazi dute, «ibilbide luzeak ekiditeko, azpiegitura konplexu eta garestiak behar dituztelako». Ura «hurre» kudeatzeko apustua egiten dute; «irabazi asmorik gabeko» elementua dela aipatuta.
Uraren prezioa ere zalantzan jarri dute oposizioko bi taldeek. EH Bilduk galdetu du noiz arte mantenduko den uraren prezioa igo barik. Guzanek, berriz, «ezinegona» dagoela aipatu du; «ez dakigu zenbat ordainduko dugun». Aipatu dute ziurtatuta dagoela 2022an gehienez %5eko igoera izango dela. 2023tik aurrera, hala ere, Guzanen arabera, ez dago argi zer beste zerga sortu beharko liratekeen defizit hidrikorik ez egotea bermatuko duten obra handiak finantzatzeko 2022-2029 bitartean: Urdaibaiko Biosfera Erreserban klima aldaketak edukiko duen eraginak defizit hidrikoa %4 igotzea ekarriko duela dio haien txostenak. Ez da kasualitatea aipatutako txostenak etxebizitza berrien beharrizana ekarriko duen pertsonen eta aktibitate ekonomiko hipotetiko baten igoera aurreikustea. Begi bistakoa da ur baliabideen bermerik barik ezinezkoa dela jende gehiago bizitzea. Orduan, galdera da, azken hogei urteetan Urdaibaiko erreserbak biztanleria eta aktibitate ekonomikoa galdu baldin badu, zergatik dago hainbeste interes iritzi publikoa aldatzeko eta ur azpiegituren beharrizan premiazko bat sortzeko? Ez da izango zergadun guztion diruagaz obrak egiteko irrika dagoela gure eskualdea turismoaren negoziorako harrapakin berri bihurtu delako eta udan ura bermatuta egon behar delako?».
Uraren «pribatizazioaren mamua» ere aipatu dute. «BBUPren inguruan multinazionalak dabiltza, eta gure ondasun publikoagaz negozioa egiten ari dira».
«Desabantaila gehiago». Erabakiak «abantailak baino desabantaila gehiago» ditu EH Bilduren ustez. Alde onak bilatzea zaila izan dela adierazi dute, hori bai, Bizkaiko Foru Aldundia pozik geratuko dela gaineratu dute. Eta gogora ekarri dute urte askotan iritsi ez diren inbertsioak: «Orain, aldundia eta EAJ pozik utzi eta baliteke dirua iristea».
Eskualdeak behar duen ura zenbat den jakiteko «hausnarketa sakona» egitea beharrezkoa da EH Bildurentzat: «Garapen urbanistiko eta turistikorako oztopo ez izatea gura duzue». Eta proposatutako alde onak «oso sinplistak» dira euren iritziz: «Aspektu sozialak eta ekonomia ekologikoan oinarritutako hainbat irizpide faltan botatzen ditugu eztabaida honetan». Kalitatezko enplegu publikoa ere zalantzan jarri du koalizioak; «BBUPen dauden langileen %60 azpikontratatuta dago».
Guzanen arabera, Bermeoko Udalaren eta herritarren arteko egungo komunikazioa «gezurra besterik» ez da: «Heldu da momentua esateko EAJko zein politikarik gordetzen dion informazioa herritarrei eta zein den ura eta saneamendu sarearen kudeaketari buruzko erabaki estrategikoak hartzen dituena».
Gernikako-Lumoko Udalak biharko osoko bilkuran bozkatuko du BUPen proposamena.