Arrizabalaga eta Agirre, San Mateo Torneoaren txapeldunak
Errioxako txapelketaren finalean, Arrizabalaga eta Agirre 13-22 nagusitu zaizkie Aldairi eta Capellani.
Beste txapelketa handi batean bere izena utzi du Olatz Arrizabalaga gernikarrak. Emakume Master Cup txapelketan palmaresik handiena daukan pilotaria da, eta emakumezkoek lehenengoz jokatu duten San Mateo Torneoan txapeldun geratu da Naroa Agirre zestoarragaz batera. Amaia Aldairi eta Andrea Capellani 13-22 irabazi zieten oso orekatua eta lehiatua izan zen finalean.
Zapatu eguerdian lehiatu zuten final handia Adarraga frontoian. Berdinketak etengabeak izan ziren, eta tentsioa eta presioa nabarmendu ziren. Aldaik bikotearen pisua bizkarrean hartu zuen, eta Arrizabalaga eta Agirre askoz erregularragoak izan ziren. Partida berdinduta joan zen hamaikako berdinketara arte. Hortik aurrera, Arrizabalagak aurrerapauso bat eman zuen. Erremateetan asmatzen hasi zen, eta Aldaigaz koadro alaietan izan zuen lehia ikusgarrian garaile atera zen aurrelari gernikarra. Bizkaiko bi aurrelariek ikuskizun ederra eskaini zieten pilota zaleei, era guztietako erremateekin. Lehia estua eta polita eduki zuten. Arrizabalaga Aldai baino askoz eraginkorragoa izan zen. “Biok sekulako maila erakutsi genuen, eta oso pozik geratu ginen. Momentu honetan biok maila antzerakoa daukagu, goitik gabiltza beti”, azaldu du Arrizabalagak.
Haren berbetan, partidua “oso gogorra” izan zen, batez ere lehenengo zatian: “Hamabigarren tantora arte, agian urduritasunak eraginda edo, apur bat atzetik hasi ginen, konfiantza asko barik. Atsedena hartu genuenean, berba egiten aritu ginen, eta gure jokoa erakutsi behar genuela argi eduki genuen. Konfiantza apur bat gehiago irabazi genuen, eta hortik aurrera, desberdintasunak markatu genituen”.
Hain zuzen ere, txapeldunen elkar-ulertzea erabakigarria izan zen. Aurten alkarregaz jokatu duten laugarren txapelketa izan da honakoa, alkar “oso ondo ezagutzen” dira, eta hori kantxan ikusten da. “Eurentzat lehenengo txapelketa izan da alkarregaz, ez ziren hainbeste elkar ulertzen. Uste dut txapela hor egon zela, eta joko-mailan nahikoa parekatuta egon ginen”.
Arrizabalaga: “Joko-mailan nahikoa parekatuta egon ginen”
Izen handikoa eta gizonezkoetan ibilbide luzea daukan torneoa da San Mateo Torneoa. Esan bezala, emakumezkoetan lehenengo urtea izan da aurtengoa, eta horrela, euren egutegian beste txapelketa bat gehitu dute. Aurrerapen “handia” izan da. “Historikoa da. Mutiletan izen eta entzutea daukan txapelketa batean neskok ere jokatu ahal izatea, eta Adarraga bezalako frontoi ospetsu eta garrantzitsu batean jokatzea guretzat handia da. Eta gure egutegi ofizialean beste txapelketa bat sartzea oso garrantzitsua da”. Izan ere, urtean Emakume Master Cupen txapelketa bat edukitzetik laupabost txapelketa izatera pasatu dira: “Apurka-apurka bagoaz gure lekua hartzen, eta pausoak ematen. Egutegia beteta edukitzea mesedegarria da gure maila hobetzeko eta baita emakumeen pilotari ikusgarritasuna emateko ere”.
“Guretzat pozgarria izan da Adarraga beteta egotea eta instituzio desberdinen babesa daukagula ikustea”
Erakundeen zein pilota zaleen aldetik “interesa dagoela” ikusi dute oraingoan ere: “Errioxako gobernuak eta federazioak dirua jarri dute. Guretzat pozgarria izan da Adarraga beteta egotea eta instituzio desberdinen babesa daukagula ikustea. Master Cupeko lehenengo urteetan agian mugimendu sozial bat moduan hartzen zen; jendea frontoira joaten zen gauza berria zelako. Baina orain, azken urteetan ikusten da badaukagula jende jarraitzailea, neskan pilota ikustera doana eta babesten duena. Master Cupeko final guztietan frontoiak bete ditugu, jendeak ikusi gura gaituelako, eta antolakuntzatik lana egin delako. Horrekin oso pozik gaude”.