Bermeoko Udalak jaietako segurtasun neurrien balorazio "positiboa" egin du
Irailaren 7tik 18ra, 60 espediente baino gehiago zabaldu dituzte kale zurrutean aritzeagatik. Alkateak Talan gertatutakoaz hausnartzeko eskaera egin die han egon zirenei
Portaera «ez solidario, kezkagarri eta salagarriak» ikusi dituzten arren, Bermeoko Udalak Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako segurtasun neurrien balorazio «positiboa» egin du. «Tamalez, portaera kezkagarriek izan dute agerikotasun handiena, baina, oro har, bermeotarren jarrera oso ona izan da», esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Bermeoko alkateak eta herriko udaltzainburu Aritz Floresek Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako segurtasun neurrien balorazioa egin dute. Aurretik landutako dispositiboak emaitza «onak» eman dituela diote.
Floresen esanetan, udaltzainak eta ertzainak kontuan hartuta, 15 agente inguruk osatu dute dispositiboa, eta lau oinarritan sostengatu dela adierazi du: prebentzioa, gertutasuna, langileen segurtasuna eta proportzionaltasuna.
Kontrolak egiten hasi aurretik, prebentzio lanak egin zituztela esan du Floresek, leku guztietara hurbilduta eta informazioa emanda; herriko supermerkatu edo elikagai dendetara jo zuten, bai eta ostalaritza establezimenduetara ere. Gainera, gazteen lokalak hutsik zeudela egiaztatzen ere ibili izan direla esan du, eta kasuren bat egon denean, isuna jarri dutela gaineratu du.
Gauez arauak betetzen zirela kontrolatzeko, kalekoz jantzitako patruilak ibili zirela aipatu du, eta, batez ere, Lameran eta portuan, oinezko patruilak indartu zituzten.
Ostalaritzari dagokionez, Floresek esan du orokorrean herriko establezimenduen jarrera «ona» izan dela: «Ondo bete dituzte neurriak». Horietako batzuk, hala ere, edukiera eta zaraten mugak ez betetzearren salaketak izan dituzte. Espediente horiek guztiak aztertu egingo dituztela esan du, eta udalak dagozkion neurriak hartuko ditu.
Irailaren 7 eta 18a bitartean, hainbat kale zurrut desegin dituztela esan du, puntu desberdinetan. «Parte hartzaileetako batzuk identifikatu eta isunak jarri dizkiegu, adin gabekoei alkoholdun edariak kendu zaizkie eta bizikidetza asaldatu duten hainbat pertsona salatu dira, besteak beste». Kale zurrutagaz zerikusia daukaten 60 espedientetik gora zabaldu dituztela azaldu du. Denetara, egun horietan, 842 esku hartze egin ditu Udaltzaingoak (dispositibotik kanpokoak ere badaude kopuru horretan).
Hausnarketarako deia. Floresek aipatu du, gainera, irailaren 8, 10 eta 12ko goizetan garbiketako langileek udaltzainen presentzia eskatu zutela Talan: «Bertan jarraitzen zutenengatik irainduak izaten ari ziren».
Talako kale zurrutak eta hango irudiek herrian sortu duten «egonezina eta gaitzespena» ikusita, alkateak aipamen berezia egin du. Beste behin ere, han gertatutakoa gaitzetsi du, eta unea apobetxatu du han egon zirenei gertatutakoaz hausnartzeko eskaera egiteko: «Trago batzuk edatearren beraien osasuna, maite duten pertsonena eta pandemia honetan asko eta asko sufritu duten herritarrena arriskuan jarri dute. Hori gutxi balitz, gure herriko ingurune natural bat zikinkeriaz bete dute, eta denona den eta bermeotar guztiok ordaindu beharko dugun ondarea apurtu dute. Gainera, inguruko auzokideen bizikidetza aztoratzeaz gain, garbitasun eta segurtasun langileei ere eraso egin diete zenbaitzuk. Noraino helduko gara?».
Hilaren 9 eta 11koa ikusita, poliziak gunearen perimetroa kontrolatzea erabaki zuela esan du alkateak; «kale zurruta beste gune batzuetara zabaltzea ekidin zen eta zenbait pertsona ere salatu ziren alkoholaren eraginpean gidatzeagatik».
Garbiketa zerbitzua indartuta izan dutela adierazi du Abaroak, «horrelako zorigaiztoko gertakarien aurrean guneak ahalik eta arinen txukundu ahal izateko».