Aldarrikapen baten memoria bizia
Berrogei urte bete dira Pablo Picassoren ‘Guernica’ Madrilera eraman zutela, eta lau hamarkada joan dira ‘Guernica’ Gernikara lehenengoz entzun zenetik. Juantxu Izagirrek gaur arterako mugimendua bizi izan du.
Guernica Gernikara aldarrikapenak koadroa bera Gernikara ekartzearen nahia baino gehiago ordezkatzen du. Lau hamarkada joan dira Picassoren margolana Madrilera eraman zutenetik. Lau hamarkada pasatxo dira Gernika-Lumoko alkate zenaren Dionisio Abaituaren ekimenez 1975. urtean Bonbardaketaren Konponketa Batzordea sortu zutela udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta kultura munduko hainbat ordezkarik. Batzorde haregaz batera sortu zen Guernica Gernikara aldarrikapena. Mugimendu horren oinarriak finkatu zituenetako bat da Juantxu Izagirre, gaur egun oraindik Gernika Batzordeko kidea dena. «Batzordea sortu genuenean lau ardatz finkatu genituen»–gogoan du Izagirrek–: «Ikerketa historikoa egitea, Guernica Gernikara mugimendua bultzatzea, erantzukizunak argitzea eta Gernika-Lumo Euskal Herriko erresistentziaren eta kulturaren hiri bihurtzea».
1979an, Guernica koadroa Espainiara eroango zutela zioen zurrumurrua zabaldu zen eta, ondorioz, koadroak Gernikan behar zuela esaten zuten ahotsak ugaritu egin ziren. Mugimendu zabala sortu arren, bazekiten koadroa ekartzea ez zela erraza izango, «interes handiak zeudelako», Izagirreren esanetan. Sasoi hartan, Jose Mario Armero Trilateraleko kideagaz batzartu zirela azaldu du Izagirrek. Armero zen Guernica Espainiaratzeko gestioak egiteko arduraduna. «Mugimenduagaz bat egin nahi zuen, parte hartu». Izagirrek gogoan du Armerok berak esan ziela Santiago Carrillo eta Felipe Gonzalez ere Guernika koadroa Gernikan egoteagaz ados zeudela.
Armeroren bitartez, garaiko Kultura ministro Pio Cabanillasengana heldu zirela dio Izagirrek. Batzorde bat sortzea zen asmoa. «Beraiek ordezkari bat izendatu behar zuten, eta guk Angel Viñas izendatu genuen ordezkari». Hala ere, batzorde hori ez zen sekula sortu.
1987. urtea. Mugimendu eta saiakera asko egin zituzten gernikarrek 80ko hamarkadan. Koadroa New Yorketik ekarri behar zutela zioen zurrumurruaren astinduagaz, Pablo Picassoren testamendu-betearazle Roland Dumasegaz ere batu zirela gogoan du Izagirrek. Paloma Picasso alabagaz ere harremanetan jarri ziren, eta hark esan zien ondo ikusten zuela aitaren koadroa Gernikara ekartzea.
Hala ere, 1981. urtean Guernica Espainiara eroan zuten, Madrilera. Gernika-Lumon, Pasealekuaren inguruan Picassoren obra hartuko zuen erakusgela bat eraikitzeko lehiaketa egin zuten arren eta bertoko zein nazioarteko 59 arkitektok beraien proiektuak aurkeztu arren, koadroa Madrilera heldu zen, eta geroztik han dago.
Guernica Gernikara dioten ahotsak ez dira isildu, baina 40 urtean dinamikak indarra galdu duela onartu du Izagirrek. «Oztopo asko izan ditugu, eta dinamika ez dugu garatu uste genuen bezala». Ekintzak bai, ugariak izan dira urte hauetan guztietan egin dituztenak, eta esanguratsuak, gainera. Gogoan du Madrilera joan zirenekoa. 1987. urtea zen, eta koadroak Cason del Buen Retiron jarraitzen zuen. Autobusean joan ziren haraino, eta eraikinera sartu bezain laster, ekintzaile bakoitzak ezkutuan zeraman letra erakutsi zuen. Horrela, Guernica Gernikara esaldia sortu zuten margolanaren aurrean.
Beste batzuk, ordea, Cason del Buen Retiroko ateetan kateatu ziren, eta atxilotu egin zituzten. «Alberto Gabikak eta biok bitartekari lanak egin genituen atxilotuak aske utzi zitzaten». Nazioarteko zenbait komunikabidek eman zuten ekintza haren berri. Hala ere, ez zen izan 1987ak utzi zuen ekimen bakarra. Gernika bonbardatu zutenetik 50 urte ziren, eta urteurrena gogoan izateko 70 ekitaldi baino gehiago antolatu zituzten Gernika-Lumon apirilaren 16a eta 26a bitartean: antzezlanak, 24 orduko musika emanaldiak, erakusketak, kirol lehiaketak… Udal batzordeak eta Gernika 37-87 Batzordeak antolatutako urteurrenak jende asko bildu zuen herrian.
Gauza asko argitzeko. Nazioartean oihartzun handia izan zuen bonbardaketaren 50. urteurrenak, baina aldarrikapenek ez zuten espero besteko eragina izan, eta Picassoren Guernica Madrilen dago oraindik. 1992. urteaz geroztik, Reina Sofia museoko gela batean daukate margolana.
«Aldarrikapenak kaleratzea ez da lan erraza izan»–dio Izagirrek– «gure artean ere arazo ugari izan ditugu eta». Aldarrikapenak indarra galdu arren, ez dute amore eman. Hala ere, aldarrikapenetik harago doan lana da Gernika Batzordearena. «Koadroa ekartzea bai, hori eskatzen dugu, baina gerra sasoiko gauza asko daude oraindik argitzeko. Nik neuk, esaterako, ez nuen aita ezagutu».
Bera jaio baino lau hilabete lehenago zauritu zuten Izagirreren aita, Bizkargin. Haren gorpua ez da agertu oraindik. «Politika arloan arazo asko daude oraindik konpondu beharrekoak, baita gizarte mailako arazoak ere».
Lau hamarkadetako laburpena egitean, Izagirrek argi du beraien ibilbidean arlo guztietan eragiten saiatu direla. «Gizarte arloan, arazo sozialetan lan eginbehar izan denean ere parte hartu du Gernika Batzordeak, babesa eman du beti».
Gernikako herriak askatasuna behar duela dio, zalantzarik gabe. Eta bide horretan memoria gordetzearen garrantzia ere aipatu du. «Gaur egungo gazteek ez dute gure historia ezagutzen. Agian gure akatsa izan da, ez dugulako jakin gauzak behar bezala egiten. Agian ez dugu jakin gaur egungo jendartearengana heltzen»– aitortu du–. «Gure artean ere nahasmena dago, eta nahasmen politiko horrek ere oztopatu egiten du gure aldarrikapena».
Gernika Batzordeak, baina, lanean jarraitzen du. Gernika Memoriaren Lekuko plataformako parte da, eta Guernica Gernikara, azken bidaia erakusketa ipini dute Artekaleko arkupeetan, Picassoren koadroaren ibilbidearen informazioa emanez.