Bermeoko EH Bilduk Basoa lantaldean aurkeztutakoa martxan jartzea eskatu dio udalari
Ikasturte berria martxan dagoela eta, udalak ikastetxeetan proposamen zehatz bat aurkeztu beharko lukeela uste dute, EA2030eko koordinazio bileretan lantzeko.
Ikasturte berria martxan jarrita dagoen honetan, Bermeoko EH Bilduk udalari eskatu dio Basoa lantaldean aurkeztutako ekintza planean jasota dagoen ekimena martxan jartzeko pausoak ematen hastea.
Gogorarazi dute Basoa lantaldeak irailerako aurreikusten zuela baso pedagogia lantzea. Modu horretan, herriko ikastetxeek irailean edukitzen duten EA2030 koordinazio bilerarako Bermeoko Udalak proposamen zehatz bat aurkeztu beharko lukeela uste dute EH Bilduko zinegotziek, eta hori egitea eskatzen diote Bermeoko Udalari. Uste dute, gainera, ekimena Busturialdeko beste eskoletara ere zabaldu daitekeela.
Beste alde batetik, eukaliptoen azalera murriztu eta bertako baso anitzak sustatu asmoz, Bermeoko Udalarenak edo Bizkaiko Foru Aldundiarenak diren lursailak aztertu beharko lirateekela uste dute, “eta erabakiak hartu”. EH Bilduk Peruaristi jarri du adibidetzat.
Ildo berean, basozainekin hitz egitea proposatzen dute; batetik, elkarlanerako aukerak aztertzeko eta bestetik, beharrezko baimenak eta laguntzak jasotzeko.
Zuhaitz Eguna, martxoan. Datorren urteko martxorako, berriz, Zuhaitz Eguna antolatzeko proposamena egin dute, martxoaren 21ean Basoen Nazioarteko Eguna ospatzen dela kontuan hartuta. EH Bildukoek Gipuzkoan iaz egindako adibide bat aurkeztu diote udalari; Basoaren astea antolatu zuten bertan, eta 50 eskolek baino gehiagok parte hartu zutela diote.
Bermeoko Udalak basoak modu iraunkorrean kudeatzeko eta desertifikazioaren aurka borrokatzeko garapen jasangarrirako helburuekin bat egin zuen ekainean, eta Basoa lantaldean landutako adierazpen instituzionala aho batez onartu zuten. Besteren artean, herritarren artean basogintza iraunkorraren garrantziaren kontzientziazioa sortzeko ekintzak bultzatzeko konpromisoa hartu zuten.