Izaro Sub txapeldunorde geratu da taldekako Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketan
Bermeoko klubeko Jon Mikel Bikandik, Irkus Lopez de Abetxukok eta Lander Aurrekoetxeak hamasei arrain arrantzatuta 29.725 puntu jaso dituzte.
Taldekako Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa lehiatu zuten domekan (irailak 19), Orion, eta Bermeoko Izaro Sub bigarren sailkatu zen. Jon Mikel Bikandi, Irkus Lopez de Abetxuko eta Lander Aurrekoetxea izan ziren talde bermeotarra osatu zutenak.
Lehia estua eduki zuten lehenengo posturako, eta arrain bakarraren aldeagatik, 700 bat puntugatik Getxo Sub taldea geratu zen txapeldun. Izaro Subekoek hamasei arrain arrantzatu zituzten, eta 29.725 puntu bildu zituzten. Hain zuzen, 30.490 puntu jaso zituzten Getxoko klubeko Juan Antonio Estebanek Aitor Romok eta Sergio de Julianek.
Hirugarren postua, berriz, Ondarroako Urpekaritza Taldeak lortu zuen. Hamalau arrain arrantzatuta eta 24.980 puntugaz sailkatu ziren hirugarren Ander Bergara, Unai Conde eta Jonatan Beitia.
Lehenengo bi talde sailkatuek Espainiako Txapelketa lehiatzeko txartela lortu dute (oraindik ez dago data eta lekua zehaztuta).
Bost orduko lansaioa egin zuten urpekariek, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko bederatzi klubetako hamasei taldek lehiatu zuten txapelketa. Bermeoko klubeko kideek esan dutenez, lehenengoen artean egotea espero zuten: “Esperantza beti da irabaztea, aurretik lautan geratu gara Euskadiko txapeldun, eta beste batean laugarren sailkatu ginen”.