Busturialdeko hamalau bertsolari ariko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketan
Guztira, hamar bertso saio izango dira, hiru fasetan banatuta. Finalaurretako bat Etxebarrian jokatuko da. Urriaren 3an hasiko eta abenduaren 18an amaituko da txapelketa.
Urriaren 3an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta abenduaren 18an jokatuko da finala, Bilbon. Guztira, hamar bertso saio izango dira, hiru fasetan banatuta: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak. Finalaurrekoetako bat Lea-Artibai eskualdean egingo da, Etxebarrian, hain zuzen ere, azaroaren 21ean.
Kanporaketak urriaren 3tik azaroaren 7ra izango dira. Sei kanporaketa jokatuko dira, eta sei bertsolari ariko dira saioko, 2018an baino bat gehiago: Udabarriko Fasetik sailkatutakoak 28 bertsolari eta 2018ko finalaurrekoetako bertsolariak beste zortzi bertsolari. Durangon, Igorren, Ortuellan, Mungian, Elorrion eta Getxon egingo dira kanporaketak.
EGUTEGIA: SAIOAK + BERTSOLARIAK
Hiru finalaurreko lehiatuko dira: azaroaren 21ean, Etxebarrian; azaroaren 27an, Galdakaon eta abenduaren 4an, Larrabetzun. Saio bakoitzean sei bertsolari egongo dira. Finalaurrekoetako irabazleak –hiru bertsolari– eta puntuazioz lehenengo geratzen diren bost bertsolariak igaroko dira Bilboko finalera.
Bertsolariei dagokionez, Busturialdeko hamalau bertsolari aterako dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako oholtzetara: Ander Elortegi Garatea (Gernika-Lumo), Asier Galarza Garai (Muxika), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo), Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia (Gernika-Lumo), Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika-Lumo), Julen Erezuma Arzanegi (Gernika-Lumo), Julen Ibarguengoitia Ordorika (Gernika-Lumo), Mikel Retolaza Etxebarria (Busturia), Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (Gernika-Lumo), Koldo Gezuraga Seijido (Gernika-Lumo), Enare Muniategi Etxabe (Gautegiz Arteaga), Eneko Aldana Carrasco (Forua), Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria (Forua) eta Onintza Enbeita Maguregi (Muxika). Epaile taldean ere ariko dira Ander Arrien Aspiazu eta Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa gernikarrak. Gai jartzaile taldean dabiltza lanean baita ere Leire Garatxena Larrabe ajangiztarra eta Zihara Enbeita Gardoki gernikarra.
Gaur [irailak 21] goizean aurkeztu dute aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Bilbon. Aurkezpenean Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidentea, Ione Narbaiza Bizkaiko Txapelketaren arduraduna eta Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua egon dira. Azaldu dutenez, urtebetez atzeratu behar izan ondoren, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo helburuak “bertso plaza berraktibatu eta txapelketa ahalik duinen eta ondoen antolatzea” dira orain. Hala ere, txapelketak betiko helburuak izaten jarraitzen duela esan dute: “Bertsogintzaren oinarria finkatu eta garatzea; komunitate euskaldunari eta euskal kulturgintzari ekarpena egitea, kalitatezkoa eta eredugarria den euskarazko sorkuntza eskainiz; txapelketa jendarte anitzaren isla izateko ahalegina ere egingo dute, eta Bizkaiko bertsolaritza azaleratu eta Bertsozale Elkartearen lana jendarteratzea”.
Mezua. Normalean norbanakoek idazten dute txapelketaren mezua. Aurten, ostera, talde antolatzaileak idatzi du. “Pandemiak berretsi digu talde lanean bakarrik dela posible txapelketa bezalako proiektu handiak aurrera eroatea. Horregatik, talde osoa izan da mezua idazteko arduraduna”. Mezu horretan diotenez, indar barriak hartu eta ilusinoak elikatzen egon dira, “urtenbide barriak hausnartzen”: “Aurton, igaz burutu beharreko txapelketa hau aurrera atarateko, ilusinoz betetako bloke trinko bat ibili gara eta gabiz, gogotsu, lanean gure Bertsozale Elkarte honetan: epaileak, gai-jartzaileak, aurkezleak, komunikazino taldea, antolatzaile taldea, zuzendaritza taldea… bakotxa bere arloan baina danok bat”.
Talde horren asmoa eta helburua “bertsolaria etxean balego lez sentiaraztea eta bertsozaleak saiorik saio ahalik eta gehien gozatzea” dela nabarmendu dute, eta baita euskara eta Bizkaiko bertsogintza berbiztea ere: “Bizkaiko bertsogintzari, hesiak kendu eta bidea zabalduz, arnasa barria emotea da egin gura izan dogun ekarpena”.
Ohi modura, txapelketako saioetara joateko sarrerak erosteko aukera bi egongo dira: Internet bidez Bertsosarrerak atarian eta txarteldegian. Aforo murrizketak direla eta, antolakuntzatik sarrerak aurretiaz erostea gomendatu dute.