Kulturarentzako lekua eskatzeko batu dira
Lameran egin dute agerraldia; Txosna Batzordeko eta herriko hainbat kultur taldeetako ordezkariak batu dira.
Kulturak bere lekua behar duela aldarrikatzeko batu dira Lameran Txosna Batzordeko eta herriko hainbat kultur taldeetako ordezkariak. Zenbait azalpen emateaz gain, talde argazkia atera dute.
Azaldu dutenez Bermeoko Txosna Batzordea sortu zenetik, herriko zein kanpoko kultura sustatzea izan dela asmoa, beti ere, herritik eta herriarentzat. Iaz, pandemiagatik, jarduerak ohiko moduan antolatu ezin zirenez, uda txosneroa asmatu zutela gogora ekarri dute: “Betiko ildoari jarraituta, kultura segurua dela helarazi gura genuen ekintza seguru batzuk antolatuz”.
Aurton, ideia beragaz jarraitu dute, baina eskola publikoan barik Lameran eta doan. Andramarietarako ekitaldi kultural “lasaiak” antolatzeko prest zeuden, eta hala iragarri zioten udalari; debekua jaso zuten bai andramarietarako, baita ere ondorengo egunetarako. “Herriko jaietan kulturari leku bat ematea zen asmoa. Kultura segurua da, ez dugu alde batera utzi behar, eta ez dugu uste Bermeoko Udalak andramarietarako hartu duen erabakia egokia denik”.