III. Lumoko Kronoigoera lehiatuko dute zapatuan
18:00etan hasiko dute txirrindularitza proba. 70 bat parte hartzaile espero dituzte.
Hirugarren edizioa beteko du aurten Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen Lumoko Kronoigoerak. Zapatuan (irailak 18) lehiatuko dute, eta gaur da izena emateko azkenengo eguna. Parte hartu gura dutenek, elkartearen webgunean izena eman behar dute: www.aixerrotape.com
Momentuz, 70 txirrindularik izena eman dute. Hain zuzen, urtez urte parte hartzea gora doala azpimarratu dute antolatzaileek: “Orain arte ez dugu halako kopururik eduki. Gehienak bertokoak dira, baina kanpotik ere etorriko da jendea”.
18:00etan Pasealekuan hasiko dute lasterketa, eta parte hartzaileek 1,8 km egin beharko dituzte aldapa gora. % 7’5eko batez besteko malda dauka Pasealekua eta Lumo lotzen dituen igoerak. Ume eta gaztetxoak irtengo dira lehenengo, eta ondoren nagusiak. Lumoko igoeran, bide bazterrean jendea batzea espero dute, eta txirrindulariak animatzera gerturatzeko gonbidapena luzatu dute: “Orain dela bi urte, eguraldi ederragaz, jende nahikoa batu zen ikusten, eta aurten ere jendea animatzea gura dugu”.
Proba amaituta, Pasealekuan egingo dute sari banaketa ekitaldia. Emakumezkoetan zein gizonezkoetan lehenengo hiru sailkatuak sarituko dituzte, eta errekorrak gainditzea ere sarituko dute. Orain dela bi urte Ekaitz Lejarzegik eta Irati Apraizek lortu zituzten markak. Lejarzegi lau minutu eta 20 segundotan helmugaratu zen, eta Apraiz, berriz, sei minutu eta 35 segundotan.
Beste urte batez, Aixerrotapekoek kronoigoera antolatzeko daukaten laguntza eskertu dute: “Halako ekintza bat antolatzeko beti behar izaten da diru laguntza, eta laguntzen digutenek nahiko esfortzu egiten dute, eta eskerrak eman nahi dizkiegu”.