Bueltan dira Irakurleen Txokoa eta Antzerki Tailerra
Urriaren 6an hasiko da Antzerki Tailerra eta Irakurleen Txokoa, berriz, urriaren 21ean.
Bueltan dira Irakurleen Txokoa eta Antzerki Tailerra, eta biak urrian hasiko dira. Irakurleen Txokoan izena emateko azken eguna urriaren 20a izango da eta Antzerki Tailerrean parte hartu gura duenak irailaren 30era arte izango du aukera.
Urriaren 6an hasiko da Antzerki Tailerra. Jon Ander Urresti aktoreak gidatuko duen tailerra, 19:00etatik 21:00etara eskainiko da Gizarte eta Kultura Etxean.
Antzerki Tailerraren helburua da kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea. Tailerra antzerkigintzan interesa daukatenei eta komunikazio gaitasunak landu gura dituztenei zuzenduta dagoela azaldu dute. Besteak beste, honakoak landuko dituzte: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak. Hori guztia ariketen bidez egingo dutela diote, eta landutako kontzeptuak eszenan praktikan jartzea ere badute asmo.
16 urtetik gorako antzerkizaleek parte hartu dezakete, eta Berhaz bulegoan edo egoitza elektronikoan izena eman daiteke.
Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskara Sailak antolatzen duten Irakurleen Txokoa urriaren 21ean hasiko da, eta hilean behin batuko dira ; hain zuzen, hileko hirugarren eguenetan, 18:30etik 20:00etara, liburutegian. Aurten ere Arrate Egaña idazleak egingo ditu dinamizatzaile lanak.
Izena ematea dohainik da: «Liburutegira hurbildu, izena eman eta hurrengo hilabeterako liburua jaso besterik ez dute egin behar». Gainera, hileroko dinamikaz gain, urtean zehar idazle batekin solasaldia ere egingo dutela zehaztu dute, idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko.
Aurten, zortzi liburu irakurriko dituzte eta euskal ekoizpenez gain, literatura unibertsala ere jorratuko dute, denak, baina, euskaraz idatzitakoak edo euskarara ekarritakoak.
Ekimen honen helburuak honakoak dira: irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.