Bi jardunalditan erabakiko da Nabarnizko Zaldi Proba Txapelketa
Zaldi proben tradizioari eusten dion eskualdeko udalerrietako bat da Nabarniz, eta 51. zaldi proba txapelketa hartuko du bertako frontoiak asteburuan.
Zazpi zaldik jokatuko dituzte probak, eta horietatik bi izango dira Busturialdeko ordezkariak: Nabarniz Jatetxekoa eta Maumeko Baraiazarrarena.
Zapatuan (irailak 18) 21:00etan hasiko dute saioa probalekuan. Aulestiko Koba, Gamizko Construcciones Torrontegi eta Guriezoko Fermin Santamaria probalarien zaldiak ariko dira lehian lehen egun horretan.
Domekan, ostera, 18:00etatik aurrera, lau zaldiren dema ikusiko dute bertaratzen direnek: Nabarniz Jatetxea, Maumeko Baraiazarra, Mungiako Garcia Alabak eta Kantabriako Jose Iturriaga.