Arrizabalaga eta Agirre San Mateo Torneoaren finalean sartu dira
Atzoko (irailak 15) finalerdian, Olatz Arrizabalagak eta Naroa Agirrek 22-14 irabazi zieten Leire Garairi eta Miriam Arrillagari. Gernikarrak eta zestoarrak Amaia Aldairen eta Andrea Capellanen kontra jokatuko dute finala irailaren 25ean, Logroñoko Adarragan.
San Mateo Torneoaren finalerako txartela eskuratu zuten Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Naroa Agirre zestoarrak atzo (irailak 15).
Najeran jokatutako finalerdian, 22-14 mendean hartu zituzten Leire Garai eta Miriam Arrillaga. Partidu gogorra izan zen, eta gorengo maila eman zuten lau pilotariek, ikuskizun ederra eskainiz.
Arrillaga oso indartsu aritu zen atzean, baina beste behin ere, Arrizabalaga izan zen partidua hautsi eta balantza bere aldera eramateaz arduratu zena. Gernikarrak min handia egin zuen zabaleran moztutako pilotakadekin, errematera etengabe sartu zen, pilota guztiak borrokatuz eta denak altxatuz. Garai gainditu egin zuen bere aurkariaren erauntsiak. Agirre ere oso seguru ikusi zen.
Aurrelari gernikarrak azpimarratu du berak eta Agirrek partidu “oso serioa” egin zutela, eta alkarregaz jokatu duten partidurik “onenetarikoa” izan zela: “Uste dut merezimendu osoz irabazi genuela partidua”.
Azkenaldian hainbat partidu galdu ostean, txapelketa hau gogo biziz hartu du aurrelari gernikarrak, eta “motibazio gehiagogaz” heldu dela dio: “Udako partiduak ahaztu behar ditut, eta atzoko partidu onagaz gelditu. Txapelketa hau garrantzitsua denez, polita litzateke irabaztea. Uda zaila izaten da; entrenamendurik ez dugu edukitzen, eta udan halako txapelketako bateko partiduan nahikoa gaitza izaten da maila ematea. Finalerdia prestatzeko entrenamendu pare bat egin ditugu, eta hori igartzen da gugan eta gure jokoan. Buruz buruko Emakume Master Cup txapelketara begira ere bagaude, eta sentsazioak hartzeko oso ondo datorkit txapelketa hau”.
Finala. Arrizabalagak eta Agirrek Amaia Aldairen eta Andrea Capellanen kontra lehiatuko dute San Mateo Torneoaren finala irailaren 25ean (zapatua), Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Final handiak ikusgarria izateko osagai guztiak edukiko ditu, eta Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du.
Pilotari gernikarrak partidu “oso gogorra” aurreikusten du. Aldai aurrelari onenetarikoa dela nabarmendu du; badaki aurrean tantoak amaitzeko lan handia egin beharko duela, Aldaik bere lana zailduko diola: “Defentsan oso ondo ibiltzen da. Capellan gaztea da, ez dago ohituta finalak jokatzera, eta agian, alde horretatik guk abantaila txiki bat eduki genezake. Gu ohituta gaude telebistaren aurrean final handiak jokatzera. Ea bera zelan sartzen den partiduan”.