Lantegi Batuaken Lagundutako Enplegu Programagaz bat egin du Ibarrangeluko Udalak
Arketako kanpinaren lorezain eta mantentze lanetarako desgaitasunen bat daukan pertsona bat kontratatu du udalak. Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak azpimarratu du erakundeek erantzukizun soziala izan behar dutela.
Lantegi Batuaken Lagundutako Enplegu Programagaz bat eginez, Laidako Arketako kanpinean lorezaintza eta mantentze lanetan aritzeko langile bat kontratatu du Ibarrangeluko Udalak.
Inklusioa lortzeko bidean instituzioek daukaten “erantzukizun soziala” azpimarratu du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
Hasi berri duten lankidetzaren eta proiektuaren balorazio positiboa egin du udal kanpinaren arduradun den Maite Alegria zinegotziak: “Oso pozik gagoz proiektu honegaz, Ibarrangeluko Udalak urtero bereziki sustatzen ditu gizarte proiektuak eta enplegua, eta geure enplegu programetan ezinbesteko zutabe hori falta zitzaigun”.
Lantegi Batuakek orain dela 26 urte jarri zuen martxan Lagundutako Enplegu Programa, eta formakuntza eta enplegua eskaintzen diete menpekotasun edota desgaitasunen bat daukatenei. Lantegi Batuaken helburua da erakunde publikoekin elkarlanean, horrelako kontratazioak bultzatzea, inklusio eredu izan daitezen.