Lagan aurkitutako gerra sasoiko jaurtigai bat indargabetu du Ertzaintzak
Sorosleek domekan (irailak 12) aurkitu zuten mortero-jaurtigaia Ibarrangeluko Laga hondartzan.
Ibarrangeluko Laga hondartzako sorosleek 36ko gerraren mortero-jaurtigai bat topatu zuten domekan (irailak 12). Protokoloari jarraituz eremua hesitu zuten, eta ondoren, Ertzaintzaren artezilariek lehergailua erretiratu zuten leku seguruago batean indargabetzeko eta leherrarazteko.
Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, azken egunetan Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitatearen agenteek Gerra Zibileko hainbat jaurtigai indargabetu dituzte: “Lehergailuak berez nahiko egoera onean zeuden, baina kontuan izan behar da manipulatzen badira oso arriskutsuak izan daitezkeela. Nabarmendu behar da Ertzaintzako artezilariek arrakastaz lortu zutela lehergailu guztiak leherraraztea eta erabat suntsitzea”.
Gatikan ojiba falta zitzaion 75 kalibreko jaurtigai bat aurkitu zuten astelehen arratsaldean. Karga nagusi detonatzailea barruan zeukala konturatu ziren. Hau da, jaurtitako jaurtigai bat zen, baina, lehertu gabe zegoen, ertzainen ustez, “inpaktuan ojiba galdu” baitzuen. “Jaurtigaiak TNT karga nagusia mantentzen zuen, eta leherrarazi zutenean frogatu zuten jaurtigaiaren barruan zegoela”.
Bestalde, Arabako Zigoitia herrian ere aurkitu zuten jaurtigai bat astelehen goizean. Hain zuzen, baratzean lanean zebilen herritar batek aurkitu zuten jaurtigaia erdi lurperatuta. Gasteizko Ertzain-etxeko landa-patruilako agenteak berehala hurbildu ziren, eta egiaztatu zuten lehertu gabe zegoen artilleriako jaurtigai bat zela. Segituan, segurtasun-dispositiboa aktibatu eta eremua sokaz inguratu zuten. Ondoren, artezilariek obusa hartu eta leku seguruago batera eraman zuten, zehazki Muruako harrobietara, eta bertan leherrarazi zuten.