"Kulturari lekua kentzen ari" direla salatuko du Txosna Batzordeak
Prentsaurrekoa deitu dute, biharko, Santa Eufemia egunerako; Lameran egingo dute, 18:00etan.
Uda Txosneroan egindako ekarpena luzatzeko asmoz, Bermeoko Txosna Batzordeak zazpi ekitaldi kultural antolatuta zeuzkan Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako; “kalean egiteko zazpi ekitaldi lasai eta seguru ziren”. Udalaren aldetik horiek egiteko debekua jaso zuten, eta hortaz, ekitaldi horiek hilaren 17an, 18an eta 19an egiteko baimena eskatu zuten. Horietan ere ezingo dute egin, debekua jaso baitute: “Jaietatik hurbil dauden egunak direla esan digute”.
Aipatu dutenez, antolatutakoak ez ziren jai giroko ekitaldiak, herriko talde desberdinen erakustaldiak ziren, “horiei lekua eta ikusgarritasuna ematea zen asmoa”. Ekitaldi horiek debekatuta, Bermeoko Udala herriko taldeei ikusgarritasuna kentzen ari dela uste dute, bai eta kulturari lekua kentzen ere: “Kulturak gizartean bere lekua dauka, eta kultura segurua da”.
“Kulturari kentzen ari diren lekua” salatu gura du Bermeoko Txosna Batzordeak. Horretarako, prentsaurrekoa deitu dute Santa Eufemia egunerako, biharko, hain zuzen ere; Lameran egingo dute, 18:00etan.
Alkartasuna dantza Taldearen, Xixili Gimnastika Taldearen, Buselektrikue Antzerki Taldearen edota Kubatar Salsaren emanaldiak zeuzkaten prestatuta, Bermeo Arraun Taldearen eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren laguntzagaz presoen aldeko batel estropadak antolatzekoak ziren, eta horrez gain, Tor Magoaren ikuskizuna eta umeentzako kontzertu lasai bat ere bazeuden aurreikusita. Egitarauan parte hartzekoak ziren talde guztiak deitu dituzte biharko prentsaurrekoan parte hartzera, eta egoera salatzeko talde argazkia ateratzera.