Bermeoko uretan jokatuko da arraun denboraldiko azken-aurreko bandera
18:50ean hasiko da Eusko Label Ligako zortzi tripulazio onenen arteko lehia. Hori baino lehen, igoera eta jaitsiera play off-en lehenengo jardunaldia lehiatuko dute, 17:40an.
Bi jardunaldi geratzen dira arraun denboraldiari amaiera emateko, eta azken-aurreko bandera Bermeoko uretan jokatuko da zapatuan. Hain zuzen ere, Bermeo Hiriko 39. Bandera-Avia Sari Nagusia lehiatuko dute.
18:50ean hasiko da Eusko Label Ligako zortzi tripulazio onenen arteko lehia. Lehenengo txandan egingo dute arraun Cabo da Cruzek, Ondarroak, Bermeo Urdaibaik eta Zierbenak. Ohorezko txandan lehiatuko dute, berriz, Oriok, Donostiarrak, Hondarribiak eta Santurtzik.
Hori baino lehen, igoera eta jaitsiera play off-en lehenengo jardunaldia lehiatuko dute. Hiru euskal talde eta talde galiziar bat ariko dira lehian Euskotren Ligan aritzeko: Hondarribia, Tolosaldea Arraun Kluba, Deustu Arraun Taldea eta Cabo da Cruz. Erlojupeko formatuan, 2.778 metroko distantzian bi luze eta ziaboga bat eginez gauzatuko dituzte kanporaketak. Traineruak minutu bateko tarteagaz irtengo dira. 17:40an hasiko da lehia.
Ondoren, Eusko Label Ligako kanporaketen lehen jardunaldiari ekingo diote. Bost talderen artean jokatuko dira datorren denboraldian Eusko Label Ligan aritzeko azken bi plazak: Samertoloameu, Club Do Mar Bueu, Getariako Arraun Elkartea, Kaiku eta Tiran. Erlojupeko formatuan ere, lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte traineruek 5.556 metroko distantzian.
Arrantzaleen Museoan aurkeztu dute gaur goizean Bermeo Hiriko 39. Ikurrina. Bermeoko alkate Aritz Abaroak parte hartu zuen horretan. “Kirola, kultura eta tradizioa uztartzen dituen ekimena da. Beraz, baldintzetara egokituta, beste behin ere, ilusio handiz hartzen dugun ekitaldia da”, esan du.
Pandemia ez du ahaztu alkateak: “Urte eta erdiko esfortzu honek merezi izan du, eta ezin dugu atzerapausurik eman. Datorren urteko estropada modu arruntago batean antolatu ahal izateko, aurtengo esfortzuari eutsi behar diogu. Bizi dagigun arrauna intentsitateagaz, emozioagaz, baina neurriak errespetatuz eta kontan hartuz”.
Hartuko diren neurriak. Zapatuko estropadak direla eta, Bermeoko Udalak zenbait zirkulazio neurri hartuko ditu Portuzarrean. Hala, bihar (eguena, irailak 16) goizean, olatu hormako, Olatua eskulturako eta izotz fabrika ondoko aparkalekuak zarratu egingo dituzte, eta bariku goizerako hutsik egon beharko dira biak.
Bariku goizean, berriz, Frantxunatxetatik aurrera ibilgailuek ezingo dute igaro. Hala ere, portuan etxebizitza daukatenen sarrera-irteerak eta ostalaritza-merkataritza zerbitzuen zama-lanak egitea baimenduta egongo dira.
Azkenik, estropada egunean bertan, 15:00etatik aurrera, ibilgailuen zein oinezkoen sarrera debekatu egingo da Frantxunatxetatik aurrera. Estropada ikusteko aldez aurretik sarrera hartu dutenek soilik sartu ahalko dute; 16:30etik 17:30etara sartu ahal izango dira.
Edukiera mugatua. Aurten, iaz ez bezala, pertsona batzuek aukera izango dute estropadak lekuan bertan ikusteko, bai olatu hormatik, baita ere Lamiaran puntatik. Bietan, segurtasun neurriak ezarri aldera, edukiera mugatuak egongo dira, horregatik, aldez aurretik izena eman beharko da.
Olatu hormatik ikusi gura dutenek, Bermeoko Arraun Elkarteak duen dendara hurbildu beharko dute 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Lamiaran puntatik ikusteko, berriz, Mundakako Turismo Bulegora jo beharko da 10:00etatik 14:00era eta 15:00etatik 18:00etara.
Batean zein bestean, derrigorrezkoa izango da maskara soinean eroatea eta distantziak mantentzea.
300 pertsonoko aforoa dagoela zehaztu du Bermeo Urdaibai Arraun Elkarteko Gotzon Orbek. Izena eman ez duten horiei eskatu die estropada telebistatik ikusteko eta estropada gunera ez hurbiltzeko.