"Amatasunaren arloko isilpeko gaiak azaleratu gura izan ditut"
44. Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria jaso du Alaine Agirre Garmendia idazle bermeotarrak, euskarazko eleberrien atalean; 25.000 euro eta garaikurra jasoko ditu. 'Karena' izeneko eleberria saritu dute.
Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria jaso duzu. Pozik jaso duzu albistea? Espero zenuen?
Jakin nuenean emozioa prozesatzeko tarte bat behar izan nuen, hain zen handia emozioa, nahiz eta emozio hori pozezkoa izan. Dei hori jasoko nuen pentsatzen egon nintzen egunetan, baina, jaso nuenean, izoztu egin nintzen. Espero nezakeen edo ez; batetik, ikusten nuen eleberria ondo gelditu zela; baina, bestetik, nahiko zaila izaten da horrelako sari bat jasotzea, eta, gainera, deialdira jende asko aurkeztu zela esaten ari ziren. Ezkortasun baldekadek hozten zuten neukan esperantza leloa. Baina, bai, bietatik egon da.
25 proposamenen artean zeurea aukeratu dute epaimahaikideek. Zerk nabarmendu dezake Karena eleberria?
Nik neuk ere gauza bera galdetuko nieke epaimahaikoei, jakinmina dut haien irakurketaz jakiteko. Gustatu egiten zait nik idatzitakoaren besteen irakurketak ezagutzea. Liburu bat idazten duzunean, irakurleek egindako irakurketa bakoitzean birsortzen eta berridazten da liburua. Irakurle bakoitzak gauza zehatz batzuetan jartzen du begia, interpretazio zehatz bat egiten du, modu batean sentitzen du… Eta ederra izaten da zuk idatzi duzun liburu hori irakurleek kontatzen dizutenaren bitartez berriro deskubritzea, eta, modu osoago batean ikustera iristea. Oraindik oso jende gutxik irakurri du Karena, eta, horregatik, jakin gurako nuke lehen irakurle horiek zer sentitu duten eta zelan bizi izan duten eleberria. Baina beste lan guztien aldean honek zer daukan, nik ez dakit eta ezingo nizuke esan. Ez ditut beste lanak irakurri, eta ez zait niri tokatzen konparaketa hori egitea. Imajinatzen dut, gainera, tartean egongo zirela makina bat lan on, saria merezi zutenak.
Zer dakar Karena-k, zer kontatzen du?
Uste dut konstante bat dela nire literaturan tabu diren gaiez berba egitea, ikusi gura ez ditugunak mahai gainean jartzea, xuxurlak aldarri bihurtzea. Kasu honetan, amatasunaren eremura joan naiz, eta gai horretan isilpean dauden gai batzuk azaleratu gura izan ditut: ama izan nahi duzun ala ez planteatzea, desio hori bikotean modu ez simetriko batean sentitzea, nahi izanda ere ezin izatea… Sarak, protagonistak, ama izan gura duela erabakitzen du, eta bikotekidea neska duenez, laguntza bidezko ugalketa prozesu batean hasten dira, intseminazio artifizialak egiten. Horrelako prozesu batek izan ditzakeen eragin fisikoak, psikologikoak, ekonomikoak, bikote mailakoak eta bestelakoak agertzen dira. Amatasuna planteatzea, erabakitzea, lortzea edo ez lortzea… egoera horiek guztiak agertzen dira nobelan. Baina, esango nuke, gai horiek guztiak pisutsuagoa den gai zentralago baten inguruan dabiltzala bueltaka, eta gai hori da gura izan gabeko abortu bat. Sarak bizi duen dolu horren kontaketa da nobela. Isildu eta izkutatu egiten da dolu gestazionala. Ez da erraza nobelaren gaia labur azaltzea, hainbat direlako gaiak eta Sarak bizi dituen prozesuak, baina berak egiten duen bidaia hori kontatzen da. Gorputzetik eta minetik, nire idazkeran ohikoa den legez, baina argitasunerantz eta aurrera, esperantzatik eta maitasunetik.
Nondik dator istorio hori kontatzeko asmoa ala grina?
Lehenago esan bezala, egunerokotasunean berba egiten ez ditugun gaiez idazteko grina izaten dut. Berez nahikoa planoa bada egunerokotasuna, eta nik literaturari eta, oro har, arteari eskatzen diot beste sakontasun bat, beste introskpezio eta zintzotasun bat. Ur azaletik barrurago egitea, eta gutariko edonork barruan, ilunpetan eta isilpean gordetzen ditugunetan arakatzea. Aspaldi neukan gai hau bueltaka, baina ez nekien oso ondo zelan kontatu, zelan egituratu… bidea ireki zen arte.
Noiz ikusiko dugu liburu dendetan?
Uste dut azaroaren amaierarako egongo dela. Ilusio berezia egiten dit, gainera, aurtengo Durangoko Azokarako egotea. Koronabirusagatik ezin izan zen aurreko urteko azoka presentzialki egin, eta aurten gogo berezia daukat hara joan eta sinatzen egoteko aitzakiagaz irakurleekin egoteko.
Beti sortzen dabilen horietako bat zara. Zertan zabiltza edo zer daukazu buruan?
Ez nabil beti idazten. Ezin da eta ez da ona. Hiruzpalau urte egon naiz batere idatzi barik, eta iaz hasi nintzen idazteko beharra sentitzen. Atera dira gauza batzuk. Baina batzuetan behar izan da irakurri, musika entzun, antzerkira joan… eta hori ere bada sorkuntza. Bete egiten zaitu, zure idazkeraz hausnartzen duzu, bizi duzunak ere laguntzen dizu ardoa ontzen. Karenagaz batera beste pare bat gauza ere idatzi ditut (gazteentzako Ane eleberria, haurrentzako ipuin pare bat…), eta esku artean badauzkat haurrentzako gauzatxo batzuk, baina horiek amaitzerakoan berriro behar dut baretu. Oso bizia izan da Karena idazteko prozesua, gogorra eta ederra, zaila, eta aldi berean, konexioz betetakoa. Baina, orain, barealdia.