«Ura noiz behar duten esaten duten landareak dira zaintzeko errazenak»
Loreek eta landareek poza ematen diote etxe bati, baina mundu guztiak ez du lore eta landare ederrak mantentzea lortzen. Loreen maitale, Esther Olabarriak urteak daramatza haiekin lanean, eta landareak dituzten behar guztiak ezagutzen ditu.
Zein da lore eta landare ederrak edukitzeko egin behar dena?
Nik denei esaten diet gakoa ura dela. Ur gehiegi botatzea izaten da arazoa, batez ere barruko landareei dagokienez. Kanpokoak udan, egun bitik behin edo egunero ureztatu behar dituzu, baina barrukoak ez, eta etortzen zaigun jende gehienak ito egiten du landarea. Gutxiegi botatzen badiozu oraindik badauka konponbidea, baina gehiegi botatzen badiozu eta sustraia usteldu bada, amaitu da. Argitasuna ere garrantzitsua da, leku ilun-ilun batean ere ez dute iraungo, baina uraren kontuagaz egoten dira arazo gehienak.
Uragaz nahikoa izaten dute landareek ala ongarria ere beharrezko dute?
Udaberrian eta udan hobe izaten da ongarri apur bat botatzea.
Ontziak badauka garrantzirik?
Badago, lehengo ohiturei jarraituta, beti lurrezko loreontzia nahi duena. Baina gero eta gutxiago ikusten dira lurrezko ontziak. Niretzako berdin da plastikozko ontzia izan ala zeramikazkoa, nahiz eta lurrezko eta zera-
mikazko ontziek hezetasuna mantentzen duten errazago. Garrantzitsuagoa dela uste dut loreontziak zulorik daukan ala ez. Zulorik ez badauka ur gutxiago bota behar zaio landareari; zuloa badauka, ordea, gehiegizko ura zulotik ateratzen da.
Zeintzuk landare dira errazenak zaintzeko eta zeintzuk gaitzenak?
Ura noiz behar duten esaten dutenak dira zaintzeko errazenak, eta pila bat daude. Hostoak beherantz jartzen zaizkienean ura falta zaiela adierazten dute. Uretan ipini, laga ordubete ura xurgatzen eta tentetu egiten dira. Hori horrela egiten baduzu, sekula ez duzu ur gehiegi botako, landareak berak eskatuko dizu ura eta. Ostera, landare gaitzenak lekutik aldatzen dituzunean ondo egokitzen ez direnak izaten dira. Negutegian tenperatura eta argitasun batetara ohituta daude, eta, gero, etxe batera eramaten dituzunean, erakutsi egiten du gustura ez dagoela. Azken finean, izaki bizidun bat da eta tokia gustatzen ez bazaio hil egiten da.
Lehenengo landarea eduki nahi duen bati zein gomendatuko zenioke?
Spathiphyllum oso ona begitantzen zait, pachira aquatica, dracena, potos… Landara txiki gehienek ere ur falta adierazten dute.
Zein landare edo lore duzu zuk gogokoen?
Lore gehienak gustatzen zaizkit, gustatzen ez zaidan bakarra kardoa da. Gehien, agian, peonia; itzelezko usaina dauka, gainera. Eta landareei dagokienez, orkidea da niretzat dotoreena.
Izurriteek ere eragiten die landareei. Horren aurrean, zelan jokatu behar da?
Korapilatsua izaten da. Gehien ikusten diren mamarro zuriak, euli zuri edo zorri edo horrelakoak badira badauzkazu akaroen kontrako tratamendu edo intsektizidak, eta bota eta listo. Txarrago izaten da landareak berak badakar sustraitik gorantzako gaixotasuna. Kasu horretan ez dizu ezer botatzea merezi, dirua gastatzen duzu alperrik, intsektizidak garestiak izaten dira eta. Lehengoan etorri zitzaigun bat geranioak barrutik marroia zeukala esanez, eta beste ezer egin aurretik inausi eta ea hasten joaten den ikustea gomendatu nion.
Zein da eduki duzun landare edo lorerik bereziena?
Alpinia eta heliconia lore exotikoak dira, egun berezietarako, esate baterako, Domu Santurako ekarri izan ditut, zentro bereziak egiteko.
Lore edo landare denak, baita zuhaixkak ere, aldaxka bidez erreproduzitzea posible da?
Nik uste dut baietz eta, gainera, gaur egun puska batetik berri bat sortzeko hormonak saltzen dira. Beraz, aldaxkak ur hormonadunetan sartu eta gero landatzea trikimailu ona da.
Landareak barik lore txortak nahiago dituenak zeintzuk pauso jarraitu beharko lituzke txorta ondo mantentzeko?
Egun bitik behin ur berria jarri behar zaio, eta pixka bat moztea ere gomendatzen dut. Guk ere zurtoina mozten diegu iristen zaizkigunean. Beraz, zurtoinak uretan sartu eta egun bitik behin ura aldatu behar zaie, urak ematen die nutriente berriak.
Garai bakoitzean zeintzuk lore eskuratu ditzakegu?
Gaur egunean jada ia-ia edozein aurkitu ditzakezu edonoiz. Peoniak, esate baterako, badaukate oraindik sasoi bat, eta eguzkiloreek ere bai, baina gehienak aurkitu ditzakezu.
Txortak egiterakoan lore mota zehatzak eskatzen ditu jendeak?
Ez da izaten ohikoa mota zehatz bat eskatzea. Hala eskatzen duenak zerbait berezia nahi duelako egiten du eskari hori, bestela, normalean nire gustura prestatzen ditut.
Txortak egiteko, nondik ateratzen dituzue ideiak?
Egin aurretik irudi bat edukitzen dut buruan, eta gero ideia ezberdinekin osatzen dut. Ikastaro ugari egin ditut, eta azoketara ere asko joaten gara. Gero, aldizkari eta liburu edota beste denda batzuetan ikusitako idei-
ekin osatzen ditugu. Gainera, Interneten ere ikusi ditzakezu proposamen ezberdinak.
Modak egoten dira?
Batez ere ezkontzetako txortetan. Nik ez dakit nork ezartzen dituen moda horiek, baina ideiekin etortzen dira batzuk. Garai batean kalak eramaten ziren, orain dela zortzi edo hamar urte, ostera, rosmeliak, eta gainera, arrosa preserbatuagaz, eta gaur egun, esaterako, erromantikoagoak eta basoko loreekin egindakoak eramaten dira.
Zein da gehien oparitzen den lore txorta?
Gehienbat lore mota desberdinez osatutakoa. Eramaten ditu margaritak, liliumak, cerberak… Nik oparirako txortetan ez dut klabelinik sartzen hala eskatzen ez badute, behintzat, nahiago ditut beste loreak.
Loreak sikatu ere egiten dira. Zein litzateke prozesu egokiena?
Niri esan zidaten loreak ondo sikatzeko negutegitik hartu, ebaki eta buruz behera jarri behar direla. Nik hemen ditudan lore denak ura hartu dute eta, beharbada, emaitza ez da bera izango, baina ahalegina egin eta beherantz begira ipintzea gomendatzen dut nik.
Zer iritzi daukazu plastikozko loreez?
Nik naturalak nahiago ditut, hala ere, gaur egun badaude etxea apaintzeko dotore batzuk