Literaturatik ahozkotasunera
Bost ekitaldik osatuko dute Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren bigarren edizioa. Euskarazko kultur emanaldi bat sortzeko diru laguntza deialdia aurkeztu dute.
Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatuta, Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren bigarren edizioa egingo dute irailaren 23tik abenduaren 17ra. “Literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak, letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak dira”.
Bilboko Euskararen Etxean bost ekitaldi egingo dituzte. Denak 19:30ean hastea aurreikusi badute ere, aldaketak egon daitezkeela jakinarazi dute. Lanku, Booktegi eta Loraldiarekin elkarlanean antolatu dituzte ekitaldiak.
Hain zuzen, bertsoak, musika, literatura eta artea batzen dituen zikloa da honakoa. Besteren artean, Ibon RG eta Anari musikariak, Mirande musika-egitasmoa, Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria, Danele Sarriugarte idazlea eta Onintza Enbeita eta Miren Artetxe bertsolariek parte hartuko dute.
Aurten “berritasun nabarmenagaz” aurkeztu dute egitasmoa: Kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza sortu dute. Euskarazko kultur emanaldi berriak sortzen laguntzea eta ezagutaraztea eta disziplina eta adierazpide desberdinetako sortzaileen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea du helburu Hi(zki)bridoak laguntzak.
Laguntza lortu nahi dutenek, euskara hutsezko kultur emanaldi berri baten gidoia eta emanaldia bera sortu eta garatu beharko dute. Horrez gain, aukeratutako lanaren lehenengo emanaldia 2022ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan eskaini beharko du. Azaroaren 22a bitartean aurkeztu daitezke lanak.
Hautatutako lanak 3.000 euroko ordainsaria jasoko du. Bost kidek osatuko dute laguntza honetako epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak. Abenduaren 20an emango dute hartutako erabakiaren berri.
Egitaraua:
Irailak 23: oMorruMU baMat. IbonRGek Joxan Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta sortutako kantuak Enrike Hurtadok berak sortutako software esperimentalekin uztartuta. IbonRG (ahotsa eta pianoa) eta Enrike Hurtado (txalaparta)
Urriak 7: Dendaostekoak. Uxue Alberdiren Dendaostekoak lan literarioan oinarritutako literatur-bertso saioa. Alberdik gaiak jarriko dizkie Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, Aitor Nova Saxofonistaren doinuekin lagunduta.
Urriak 29: Mirande. Jon Miranderen olerkietatik abiatutako musika-egitasmoa, Elena Setien (ahotsa eta teklatuak), Xabier Erkizia (elektronika) eta Grande Days taldearen eskutik.
Azaroak 11: Zientzia Fikziozko Bertso Saioa. Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria (bertsolariak), eta Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo (gidoilariak).
Abenduak 17: Habiak. Anariren Habiak diskoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa; Anarik disko horretako zenbait kantu joko ditu.