Guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroak urrian hasiko dira
Batean zein bestean parte hartu gura duenak irailaren 30era arteko epea edukiko du izena emateko, Berhaz bulegoan.
Beste urte batez, Bermeoko Udalak gurasoentzako eta etorkinentzako euskara ikastaroak antolatu ditu, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Aipatu ikastaroak urrian hasi eta ekainean amaituko dira. Batean zein bestean parte hartu gura duenak irailaren 30era arteko epea edukiko du izena emateko. Horretarako, interesa dutenek Berhaz bulegora jo beharko dute honako ordutegian: astelehen, eguazten eta barikuetan 08:00etatik 15:00etara, eta martitzen eta eguenetan 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Bi ikastaro horien bidez, familia bidezko transmisioa indartu eta bermatu gura du udalak, eta, horregaz batera, Bermeora kanpotik datozenentzat euskara ikasteko aukera zabaldu.
Gurasoei zuzendutako ikastaroak AEK euskaltegian emango dituzte. Euskararik ez dakitenek zein jakin arren alfabetatu gura dutenek parte hartu ahal dute. 120 orduko ikastaroa da, astean birritan batzen dira bi orduz. Ordutegia “malgua” izaten dela jakitera eman du AEK euskaltegiko irakasle Marimar Hernandezek: “Goizez zein arratsaldez egoten dira ikastaroak”. Gurasoekin egoteko “gogotsu” daudela esan du Hernandezek, eta euren eskaeretara egokitzeko prest daudela adierazi du. Gaur egun euskara ikastea “erraza” eta “merkea” dela aipatuta, gurasoak animatu ditu parte hartzera.
Etorkinei zuzendutako ikastaroa ere 120 ordukoa dela aipatu dute, baina kasu honetan Gotzon Garitaonaindia euskaltegian eskaintzen da. Aipatu ikastaroan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez. Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakasle Nahia Martinezek azaldu duenez, metodologia “dinamikoa” eta parte hartzailea” erabiltzen dute ikastaroetan, eta dioenez garrantzia ematen diote ahozkoari.
Aurreko urteetan bi ikastaroek emaitza “oso onak” izan dituztela esan dute euskaltegietako ordezkariek, eta orain arteko ikasleek ikastaroetan parte hartzen jarraitzeko asmoa agertu dutela adierazi dute.
Bestalde, euskara ikastaroak eskaintzen dituzten hiru zentroetako ordezkariek (Hizkuntza Eskola, AEK eta Gotzon Garitaonaindia) 2021-2022 ikasturterako matrikulazio kanpainaren berri ere eman dute. Ibon Iturbe Hizkuntza Eskolako irakasleak euskara ikasteko deia egin du. Gaur egun, euskara ikastea ia doakoa dela aipatuta, euskara ikasteko aitzakiarik ez dagoela uste du. Globalizazioa ondo badago ere, “ibilbidea lokaletik globalera” izan beharko litzateke Iturberen arabera: ” 0 kilometro modan dagoen honetan, gurean euskara da 0 kilometro, eta hori zaindu beharra daukagu”.
Gogorarazi dutenez, HABEk, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzak eskaintzen dituzte, “ikasleek ordaintzen duten matrikula gastuetan ahalik-eta erraztasun handiena izan dezaten”.
Beste behin ere, Bermeoko Udaleko euskara zinegotzi Kepa Zumetak herritarrek lehenengo berba euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu du, eta lan horretarako, euskaltegiak “ezinbestekoak” direla uste du. Hizkuntza baten osasuna neurtzeko adierazlerik garrantzitsuena erabilera dela gogorarazi du: “Beraz, egin dezagun euskaraz berba”.
Jakitera eman dutenez, ikasturte honetako eskolak egungo egoera moldatuta egongo dira, eta hortaz, ikastaro guztiak indarrean dauden osasun eta segurtasun neurri guztiak “zorrotz” beteta egingo dira.